GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Sistema ustel baten akta idazten

Bere aurka egiten ari diren epaiketan, Bizkaiko Ogasuneko Ikuskaritzako zuzendariondoko zenak, Juan Ramon Ibarrak, agerian utzi nahi du berari egotzitako karguak -hainbat enpresen interesak, betiere konfidentzialak, babesteagatik dirua jasotzea- ez direla salbuespena eta sistema baten barruan txertatuta daudela. Aldi berean, bera errugabea dela ere defendatzen du Ibarrak. Nolanahi ere, orain arte bere errugabetasuna frogatzeko asmatu dituen istorioak guztiz sinestezinak dira. Izan ere, ilegalki aberastu zelako aztarnak agerikoak dira. Edonola ere, legalki edo ilegalki, hainbat enpresen eta partikularren zama fiskala arintzeko trikimailuak instituzionalizatuta daudela agerian uzten ari da Ibarraren aurkako epaiketa. Izan ere, Ibarrak berak dirua jaso edo ez, pisu handiko zenbait zergapekori jarraipen berezia egiten zioten Bizkaiko Ogasunean, akusatuaren gidaritzapean, gardentasunari ihes egiteko. «Big fish» delakoak dira, arrain handiak, gainerako zergapekoek baino ahalmen handiagoa izan arren, tratu berezia jasotzen duten enpresak. Ibarraren kasua eskandalagarria da, zalantzarik gabe. Baina are eskandalagarriagoa da Ogasun publikoak halako jokabidea ahalbidetzen duen sistema bat osatzea. Beti bezala, handien mesedetan eta herritarren kaltetan. Ibarrarena ez dadila izan ustelkeria estaltzeko erabiltzen den tinta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo