GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Mariano Gomez, Oskar Matute eta Amaia Agirresarobe Alternatibako kideak

Ezkerreko bloke handi baterantz

Badakigu erronka gogorra dugula aurretik, oztoporik eta kontraesanik izango dugula bidean, baina geure esku dugu horiek gainditzen joatea

Alternatiban uste dugu euskal ezker anitzaren, ezker borrokalariaren eta ezker subiranistaren barruan zer edo zer aldatzen ari dela. Antza, elkarri bizkar emateko garaiak alde batera geratu dira eta batzen gaituenaren ordez banatzen gaituenaren gainean arreta jartzeko garaiak pasa dira. Baina hona iritsi ahal izateko, hainbat faktorek egin dute bat. Lehenik, herri honetako ezker subiranistaren adar bakoitzak mugitu behar izan du, nork bere analisitik eta bere historiatik, alderdikeriak alde batera utzirik. Ezker abertzaleak egindako hausnarketa, EAk jorratutako bide berria eta guk geuk testuinguru politikora jauzi egitea bera esandakoaren adibide dira. Bada atsegin litzaigukeen beste mugimenduren bat, izan ere, denak gara beharrezko une berri honetarako. Bideak aurrera jarraitu behar du, baina betiere ateak irekita eta eskuak zabalik, erakunde bakoitzaren erritmoak aintzat harturik

Bigarren faktorea krisiaren aurrean ezker politikoak arlo sozial eta ekonomikoan eskaini duen erantzun-eza dugu. Genuen ongizate-estatu eskasa urritzen ari zaizkigu; lan kontraerreformak, pentsioen atzerakada, langabezia, enplegua erregulatzeko txosten ugari... pairatzen ari gara; osasun eta hezkuntza sistema hondoratu nahian dabiltza....eta bien bitartean Madril, Gasteiz eta Iruñeko gobernuek zuzen-zuzen jarraitzen diote multinazional handiek, bankuek, Nazioarteko Diru Funtsak, eta abarrek ezarritako bideari, alegia, krisia sortu dutenek ezarritako bideari. Boteretsuen diru xahutzeekin eskuzabal, aurrekoek sorturiko krisia pairatzen dutenentzat, ordea, murrizketak.

Hirugarrenik, herri honetan gertatu diren eskubide eta askatasun urraketen inguruko hausnarketa; eta herri honi erabakitze eskubidea ez ezik izateko eskubidea bera ukatu izana dugu. Honen aurrean erantzunak eta proposamenak adosteko beharra dugu, akordioak bilatzekoa, herri honen gehiengo sozialak aktibatzeko eta mobilizatzeko gaitasuna berreskuratzekoa, «eskubide guztiak, pertsona eta ideia guztientzat».

Laugarren faktorea, politikaren krisiaren inguruko hausnarketa, politika ulertzeko eta egiteko eredu berria gauza daitekeelako ideia. Taldekako osaketa, gizarte artikulazioa, parte-hartze erabat demokratikoa, profesionaltasun eza eta karguen txandakatzea lehenetsi behar dira. Herri honek behar duen gizarte eta politika aldaketa gertatuko bada, gizartearen gehiengoa aldaketa horren protagonista bilakatu beharko dugu. Gizarte artikulatu eta antolatua da bermerik onena gizarte bidezkoagoa lortzeko.

Bosgarrenik, ezkerretik esandakoaren eta egindakoaren arteko harreman garbia erakutsi behar dugulakoan gaude, hots, defendatzen dugunak eta berau lortzeko bitartekoek bat etorri behar dutela. Egunerokotasunean, geure borroka moldearekin eta antolatze ereduarekin helburutzat dugun gizarte hori erakusten eta gauzatzen joan behar dugu. Errotik demokratikoa eta parte-hartzailea izango den ezkerra, gizarte borrokei zein eskubide orori, gizarte zein giza eskubideei lotua izango den ezkerra.

Eta, azkenik, arlo politiko, nazional, sozial eta ekonomikoan dakusagun egoera hain larria da, non elkarlanari ez ekiteko aitzakiarik ez dagoen. Atzo ezberdintasun saihestezin ziren haiek gaur balio gabe geratu dira. Bitarteko politiko eta demokratiko hutsen alde egiteak antzinako inertziak alde batera uztera eraman behar gaitu, elkar ulertze eza eta fidagaiztasuna bazterturik, konfiantza eta elkarlanaren zubiak berreraiki behar ditugu, ezker subiranista anitzaren indarbiltzea euskal zein espainiar zentro eta eskuineko indarrekin lehia dadin.

Jakin badakigu erronka gogorra dugula aurretik, oztoporik eta kontraesanik izango dugula bidean, baina geure esku dugu horiek gainditzen joatea. Era berean, badakigu erronka hau epe ertain eta luzeko adostasun estrategikoen eskutik soilik egin daitekeela, lehen pausoa egitura politiko, sindikal eta sozialen arteko konfiantza berreraikitzea dela, eta ondoren norberak islatzen dituen sektore sozialei zabaldu behar diela, elkarren bizkar izan diren sektoreei hain zuzen.

Askok batzen gaitu eta merezi du lortzeko arriskatzea: herri eredu batentzat egun indarrean denarekiko erabat ezberdina den gizarte eredua.

Bestelako Euskal Herri bat beharrezkoa baita, egin dezagun posible denon artean.