GARA > Idatzia > Kirolak> Real Sociedad

Agirretxe utzita joango da; Griezmannek, aldiz, ez du alde egiteko asmorik

p035_f02_555x555.jpg

GARA | DONOSTIA

Neguko merkatua zabaldu zenean Realean geratzeko asmo sendoa erakutsi zuen arren, azken asteetan deialdietatik kanpo geratu izanak Imanol Agirretxeren hasierako asmo hori aldarazi du eta, jokalariak berak atzo Soraluzen adierazitakoaren arabera, beste talde batera utzita joango da datozen egunetan.

Erabakia aldatzea zerk eragin duen galdetuta, Usurbilgo aurrelariak aitortu zuen hainbat talderen interesak garrantzitsua izaten jarraitzen duela eta onartu zuen «azken partidetako deialdietan ez izateak izan du zerikusirik. Oraintxe 23 urte izanda, jokatzeari garrantzi handiagoa eman behar diodala uste dut eta irtenda aukera gehiago izango ditut».

Agirretxek azaldutakoaren arabera, ez da Realaren inolako presiorik jasaten ari talde batera edo bestera joateko: «Nire erabakia errespetatzen ari dira une oro». Hala, dituen aukeretatik egokiena hautatu beharko du. Agertutako izenen artean, Tenerife eta Valladolid garrantzitsuak daude, baina jokalariak oraindik ez dauka ezer erabakita.

Bestetik, Antoinne Griezmannek ere talde askoren interesa piztu du. Marseillako Olympique izan da, itxuraz, jokalaria fitxatzeko asmoa agertu duen azkena, baina erdilari gazteak Realean jarraitu nahi duela berretsi zuen atzo. Bide batez, Getafeko golaren ospakizunaren inguruko arazo guztiak ere amaitutzat eman zituen.

Kirol alorrari dagokionez, Carlos Martinez eta Mikel Gonzalez zalantzan dira Vila-realen aurkako partidari begira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo