GARA > Idatzia > Mundua

Irakeko Poliziaren aurka egindako erasoan 50 lagun hil eta 150 zauritu dira

Irakeko segurtasun indarrak errebeldeen eraso baten jomuga izan dira berriro. Gutxienez 50 hildako eta 150 zauritu eragin zituen atzo kamikaze batek Tikriten zartarazitako lehergaiak. Iturri ofizialek adierazi zutenaren arabera, hildako gehienak, 47, poliziagaiak ziren.

p024_f01_125x145.jpg

Mahmoud SALEH (AFP)

AEBek Iraken dituzten 50.000 soldaduak atera ditzaten urtebete baino gutxiago falta denean, atzo berriro ere argi geratu zen bertako indarrek zer-nolako zailtasunak dituzten segurtasuna bermatzeko orduan.

Gutxienez 50 lagun zendu eta 150 inguru zauritu ziren Trikit hirian, Bagdad iparraldean, kamikaze batek gerrian zeramatzan lehergaiak poliziagai talde baten ondoan zartarazi ondoren. Zaurituen kopurua handia denez, azkenean, hildako gehiago ere izan daitezkeela ohartarazi zuten Tikriteko ospitaleko arduradunek.

Polizia iturriek adierazi zutenez, biktimak polizia izateko tramiteak burutzeko asmoz zeuden ezbeharra jazo zen lekuan. Eztandaren ondoren, Al-Ehtifalat plaza horren inguruak itxi zituztela gaineratu zuten.

Agintariek zehaztu zutenaren arabera, inork ez du oraingoz erasoa bere gain hartu.

Ikerketa batzordea

Salahadin probintziako gobernuak, bertako hiriburu baita Tikrit, berehala gaitzetsi zuen ekintza, eta ikerketa batzorde bat agindu. Hiru egunen buruan aurkeztu beharko dute txostena.

Era berean, dagozkion neurriak hartzeko galdegin zion taldeari, halako erasorik berriro gerta ez dadin.

Atentaturik odoltsuena izan zen atzokoa, iragan urriaren 31n Bagdadeko eliza katoliko baten aurkako erasoak 53 lagun hil zituenetik. Gainera, joan den abenduaren 21ean Nouri al-Malikik kargua hartu zuenetik lehen eraso handia izan da. Herriaren segurtasuna bere ardura nagusia zela adierazi zuen orduan lehen ministroak. Tikriten izandako sarraskiak agerian utzi du, beste behin ere, Irakeko Armada eta Polizia -abenduaren 31z geroztik herrialdearen segurtasunaren ardura duten bakarrak- direla matxinoen jomuga nagusia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo