GARA > Idatzia > Euskal Herria

EH Bai-ko hautagaiak «ezkerreko abertzaleen indarra» biltzeko prest

AB, Batasuna eta EAk laugarrengoz osatu duten Euskal Herria Bai koalizioak kantonamenduko bozetarako hautagaiak aurkeztu zituen atzo, Baionan. EH Baik bi ideia nagusiren inguruan bildu nahi ditu «ezkerreko abertzaleak eta Euskal Herrian bizi, lan egin eta erabaki nahi duen oro»: batetik, lurraldearen ezagutza eta aitortza instituzionala, eta bestetik, herritarren beharrei erantzuteko zerbitzu publiko eta sozial hurbilekoak eta kalitatezkoak plantan ezartzea.

p019_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Martxoan izango diren kantonamenduko bozetarako EH Bai koalizioak aurkeztuko dituen hautagaiak eta haien ordezkoak ezagutzera eman zituen atzo, Baionan.

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan Enbataren gerizpean duela 46 urte lehen hautagaitza abertzalea aurkeztu zenetik, ezkerreko abertzaleak «egiazko indar politikoa» bihurtu direla adierazi zuten: «Erein, landatu eta hasi egin gara geroztik, zenbait lekutan bigarren edo hirugarren indarra bilakatu arte».

Paueko Kontseilu Nagusian berrituko diren hogeita sei eserlekutik hamar euskal kantonamenduei dagokie. EH Baik horietako zortzitan hautagaiak izango ditu: Atharratzen, Gilen Iriart (ordezkoa, Aurore Martin); Baiona-ekialdean, Maite Etxeberri (ordezkoa, Jean Michel Harrostegi); Baiona-iparraldean, Pierre Nouqueret «Mo» (ordezkoa, Janine Foix); Baiona-mendebaldean, Peio Menta (ordezkoa, Stephanie Marriacia); Bastidan, Xebax Cristy (ordezkoa, Martine Salla); Donibane Garazin, Dominique Bacho (ordezkoa, Maider Larrieu); Hazparnen, Juliette Bergouignan (ordezkoa, Philippe Saint-Esteben) eta Iholdin Daniel Olzomendi (ordezkoa, Anne Pagola).

Hain zuzen ere, Olzomendik eta Bergouginanek azaldu zituzten hauteskundeotan EH Bairen izenean aurkezteko izan dituzten arrazoiak.

«Ezkerreko abertzaleok aspaldi engaiatu ginen proiektu kolektibo baten eraikuntzan eta datozen kantonamenduetako bozak baliatu nahi ditugu bi ideia nagusien inguruan ahalik eta indar gehien erdiesteko» esan zuten.

«Gure geroa, gure gain»

Hala, batetik, Euskal Herriaren «ezagutza eta aitortza instituzionalaren» eskakizunean sakontzeko, eta bestetik, Ipar Euskal Herriko herritarrak «duintasunez bizitzeko behar dituzten zerbitzu publiko, sozialak eta hurbilekoak» erdiesteko ahalegina egiteko prest agertu ziren.

EH Baik proposatzen duen alternatiba zehatza esaldi batean laburbildu zuten bi hautagaiek: «Euskal Herrian bizi, lan egin eta erabaki. Gure geroa gure gain hartu nahi dugu».

Horren haritik, «izpiritu ireki eta parte-hartzailean» oinarritzen du koalizioak bere eskaintza, «hemen bizi nahi duen orok lekua» izan beza: «Hurbileko demokrazia garatu nahi dugu. Gurea ez da proiektu pertsonala, ez dugu politikatik bizi nahi. Euskal Herria biziarazi nahi dugu», gaineratu zuten.

Beste hautagaiek, euren kantonamenduetako problematika nagusiak aipatuz, EH Baik zenbait esparrutan defendituko dituen proposamenak azaldu zituzten, hala nola laborariak, ingurumena eta kontsumitzaileak lehenetsiko dituen kalitatezko laborantza; euskararen ofizialtasuna; herritarrei, batez ere premia gehien dutenei, etxebizitza duina bermatzeko neurriak; arrazoizko garraio plana egituratzea; herritarren hartu-emanak sustatuko dituen lur-antolamendua.

Harremanak, Angelu Zain eta Biarritz Bestelakoa taldeekin

EH Baik ez du oraindik erabaki Angelu-iparraldeko eta Biarritz-mendebaldeko kantonamenduetan hautagairik aurkeztuko duen ala beste hautagaitzaren bat sostengatuko duen. Angelu Zain talde abertzalea eta Biarritz Bestelakoa taldea -honek ere kide abertzaleak ditu- hautagaiak aurkeztekotan dira. Atzo jakinarazi zutenez, EH Bai harremanetan dabil bi taldeokin, eta laster argituko du zein jarrera hartuko duen.

AB, Batasuna eta EAk osatutako EH Bai koalizioa hauteskundeetan aurkezten den laugarren aldia da honakoa. Lehena 2007an izan zen, Legebiltzarrerako hauteskundeetan. 2008ko kantonamendukoetan hiru alderdiek ituna berritu zuten, eta iaz ere bai, Akitaniako Kontseilurako eskualde-bozetan. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo