GARA > Idatzia > Kirolak> Atletismoa

Donostiako Nazioarteko 56. Krosa

2008ko garaileek, hiru urte geroago errepikatu nahi

Etiopiak ez du ordezkaririk izango igandean, Munduko Txapelketa prestatzeko deitu baititu bere atletak.

GARA | DONOSTIA

Donostiako Nazioarteko Krosaren 56. edizioa aurkeztu zuten atzo Donostiako udaletxean. Igande honetan ospatuko da eta sona handiko atletarik ez da faltako, 2008an garaile izan ziren gizona eta emakumea -Kiprono Menjo eta Eunice Jepkorir- buru direla. Halere, Afrikako korrikalari onentsuenak ekarri ezinik geratu dira antolatzaileak, aurten iaz besteko aurrekontua lortu duten arren.

Hala, Gipuzkoako Atletismo Federazioko presidente Carlos Bengoetxea honakoa esan zuen Kenyako eta Etiopiako atleten inguruan: «Horietako gutxi ekarri ahal izan ditugu, izan ere, Munduko Kros Txapelketa ongi prestatu nahi dute bi herrialdeetako atletismo federakuntzek. Esaterako, ez da Etiopiako korrikalaririk izango, Munduko Txapelketa baita beraientzat urteko hitzordu nagusia».

Hala ere, ez da izena eta izana duen korrikalaririk faltako igandean. Esan bezala, Kenyako Kiprono Menjo, 2008an Donostiako zelaietan garaile eta iazko pistako denboraldian 10.000 metroetako munduko markarik onena egin zuena. Bestetik, afrikarrak Sergei Lebid ukrainarra izan lezake aurkari nagusi, 9 bider Europako txapeldun izandakoa eta joan den igandean Elgoibarren hirugarren amaitu zuena. Horrez gain, Sergio Sanchez eta Ricardo Serrano espainiarrak ere, egun Estatu espainolean krosean hobekien dabiltzanetako bi, alegia, Donostian izango dira. Emakumeen proban, berriz, Kenyako Eunice Jepkorir, aurten Fuensalidan irabazle atera dena, izango da irabazteko hautagai nagusia. Bertan ariko dira Frehiwat Goshu etiopiarra eta Kambouchia Soud marokoarra ere. Nuria Fernandez espainiarra, 1.500 metrotan Europako txapelduna eta «Galgo» aferan nahasturik dagoena, ere izango da.

Hamar lasterketa izango dira orotara; emakumeena 12.15ean hasiko da eta, 12.45ean, gizonezkoena. Gipuzkoako Txapelketako proba 10.30ean izango da.

Bestetik, bestelako bi ekintza ere izango dira krosa dela-eta. Batetik, Club Vasco de Camping elkarteak Zubietako hipodromorainoko ibilaldia antolatu du. Bestetik, zalditokian bertan, I. Ibilgailu Klasikoen kontzentrazioa antolatu dute RACVN eta Fly Group antolatzaileek.

50 urteurrena

Fadurako Kirol Hirian Getxo Atletismo Klubaren -GAK- 50. urteurrena ospatzeko liburua aurkeztuko dute ostiralean. Getxo Kirolak-eko eta GAKeko presidenteak -Alvaro Gonzalez eta Dimas Ramos- izango dira aurkezpenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo