GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14 ajedrez

Final-laurdenak eta Heineken Kopa begiz jota dituztela jokatuko dituzte Biarritzek eta Avironek beren partidak

Jon LEUNDA

Biarritzek eta Avironek Europa alde batera utzi beharko dute eta Ligan jarri beharko dute burua, gero, bi astetan, ez baitute berriro jardunaldirik izango.

Heineken Kopan betebeharrak ongi beteta helduko dio Ligako jardunaldiari Biarritzek. Bihar, 19.30etik aurrera, Perpinya hartu beharko du. Orain dela urte batzuk sailkapeneko lehen postuetako bi talderen arteko neurketa izango zen, baina orain puntuak behar dituzten bi talderen arteko neurketa izango da. Euskaldunak nahiko ongi dabiltza, sailkapeneko bosgarren postuan baitaude 44 punturekin, baina aurretik duten Montpelier taldeak ere euskaldunen hainbat puntu ditu.

Perpinyak, ordea, euskaldunak baino askoz ere premia handiagoa du, izan ere, sailkapeneko hamargarren postuan dago, final-laurdenak jokatzeko postuetatik oso aparte, 35 punturekin. Beraz, bere helburuak bete nahi baldin baditu, gaurtik ekin beharko dio puntuak batzeari, eta partida asko zailduko dio Biarritzi.

Avironek, berriz, irteera zaila dauka. Europatik kanpo geratu ostean, orain burua Ligan bakarrik izango du. Gutxieneko helburua lehen zazpietan sartzea da, horrek lehen aldiz Heineken Kopa jokatzeko txartela emango bailioke.

Gauzak estu daude eta helburu bera duten talde asko. Beraz, puntuak ahalik eta azkarren batu behar dira, bestela zaila izango baita helburu horiek betetzea. Zuri-urdinek bihar jokatuko dute Briveren zelaian, 19.30etik aurrera. Aurkaria hamabigarren postuan dago 36 punturekin, Lapurdiko hiriburuko taldea baino bost puntu gutxiagorekin.

Partida hauek dira irabazi beharrekoak, bestela zaila izango baitu Avironek aurrera egitea. Taldea ongi dago, ez dauka aparteko bajarik, eta jokalariek garbi utzi dute Ligako azken txanpari heltzeko gogoz eta indartsu daudela. Txarrena, ordea, hemendik amaitu arte Ligak izango dituen geldialdiak izango dira, Sei Naziokoak eta Europako lehiaketak direla medio, eta horregatik gaurko partidek garrantzi handia dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo