GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Iker Bizkarguenaga Kazetaria

Gasteizko manifan faltan izan zintugun

Greba eguna izan genuen atzo Hego Euskal Herrian. Aurreko astean lagun batek aipatu zidan egungo testuinguruan, mundua zelan dagoen ikusita, hankaz gora eta kapitalaren menpe, alegia, greba orokorra deitzea bazela garaipena, baina nire ustez garaipen horrek zapore gozoagoa dauka lantegiak hutsik eta kaleak jendez gainezka ikusten direnean.

Atzo txokolatezko garaipena izan zuen langile mugimenduak, nahiz eta gobernuek gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri, poliziak jendearen kontra oldartu, enpresaburu askok beren langileak mehatxatu eta saltoki eta taberna batzuetako jabeek nahiago izan hogei euro irabazi klase-duintasunari eutsi baino. Gero kexatuko dira merkataritza zentro handiek bezeroak kentzen dizkietelako edo tabakoaren legeak kalte egiten dielako. Elkartasuna elkartasunarekin irabazten dela jakin beharko lukete.

Edonola ere, esan bezala, egun handia izan zen atzokoa. Nahikoa da gaurko egunkarian agertzen diren argazkiei begiratzea horretaz jabetzeko. Beste zenbait lekutan ez bezala, euskal langileria hasi da nagiak astintzen. Napoleonek esan omen zuen Txina esnatzean munduak dar-dar egingo zuela. Ez zuen Euskal Herria ezagutzen, nahiz eta bere iloba Luis Lucianok euskalkien mapa egin. Txina txiki utziko dugu guk gure txikitasunean.

Gasteizen, goizean goizeko pikete-lanaren ostean, hitzordu nagusia eguerdirako jarrita zegoen Bilbo plazan, eta bertan topo egin genuen goiza ordenagailuaren aurrean eman genuen kazetariek eta ordurako hiriko kaleak goitik behera ibilita zeuden lagunek. Aurreko grebatik ikusi gabe neukan jendea agurtzeko aukera izan nuen, eta Ertzaintzak lagun asko kolpatu arren, Andre Maria Zuriaren plazan bukatu genuen goizeko ibilaldia. Manifestazio jendetsua eta polita. Baina hala ere, lagun handi bat faltan izan genuen askok. Bueno, lagun asko faltan genituen, baina bat bereziki atzo bezalako egun batean. Uste dut berak badakiela berari buruz ari naizela, aurreko beste grebak berarekin eman nituelako. Besarkada handi bat, figura, eta ea laster kafea eta baileysa elkarrekin hartzeko aukera dugun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo