Joseba Gines eta Alberto Jauregui Hezitzailea eta pedagogoa hurrenez hurren, sei elkarteren izenean (*)
Iruñeko haurtzaroko elkarteak eta aisia eta astialdirako diru laguntzak
Diru laguntza honen murrizketak gurekin batera parte hartzen duten ehunka txikiei egiten die kalte, prekarietate handia sortzen baita, zenbait ekintza bertan behera uztera behartu gaituena
Laurogeiko hamarkadatik aurrera, Iruñean, Gizarte Zerbitzuen sailaren barruan, prebentzio komunitarioaren inguruan lanean diharduten haur eta gazte elkarteak diruz laguntzen dituen udal deialdi bat martxan jarri zen. Orduz geroztik elkarlan esperientzia hau oso modu positiboan baloratua izan da, hiri guztiaren ondasuna balitz bezala hartzen dugularik.
Pasa den azaroan, Iruñeko auzo batean edo bestean lanean dihardugun gizarte-heziketako zazpi elkarteetatik seik Hiritarrendako Zerbitzuen Batzordearen aurrera jo genuen, azken urteetan diru laguntza honek jasan izan dituen murrizketen aurrean gure ardura adierazteko asmoz. Batez ere gurekin batera parte hartzen duten ehunka txikiei kalte egiten die horrek, prekarietate handia sortzen ari baita, kasu batzuetan finantziazio minimo baten faltan zenbait ekintza bertan behera uztera behartu gaituena. Gure ezaugarri berezien berri ere eman genien: prebentzioaren inguruko lana, hezkuntza ez formalaren barruan dugun gizarte-heziketa eginkizuna; boluntarioen eta auzokideen parte-hartzean oinarritutako lana; gure ekintzetan parte hartzen duten txikien artean zailtasun egoeran aurkitzen direnen portzentaje handia; edo gure ekintzek izaera ez kontsumista eta parte-hartzailea izanik, gehiegizko diru laguntzen ordez, horiek oinarrizko baldintzetan gauzatu ahal izateko minimo batzuk besterik behar ez izatea.
Horregatik guztiagatik, batzordearen aurrean deialdi honetarako garatu ditugun proiektuak ere aurkeztu genituen, hauek onartuak izan daitezen beharrezkoak diren auzo-unitateen txostenen bermea dutenak, zeinetan euren beharrak ase ahal izateko elkarte bakoitzak jaso beharko lukeen diru kopurua zein den ezartzen den, kopuru guztien batura 287.000 euro direlarik. Jasaten ari garen krisi egoera kontuan hartuz, 240.000 eurora mugatu genuen gure eskaera, eta hori balorazio tekniko batek lagundu zezan eskatu genuen gainera. Egin genuen bigarren eskaera izan zen Udalak egin dezala hiriak behar duen sare prebentiboaren inguruko plangintza, deialdiak auzo guztien beharrak ase ditzan, baita gaur egun mota honetako ekintzarik ez duten auzoetan ere.
Azkenik, azken udal aurrekontuetan bideratu den diru kopurua 190.000 eurokoa izan da; beraz, honen aurrean egiten dugun balorazio positibo bakarra izan da azken urteetan bizi izan dugun beherako joera bukatu dela. Hala ere, kopuru hau proposatutako 240.000 eurokotik urrun dago, hori bera auzo-unitateek proposatutako hasierako diruaren batura baino gutxiago delarik, %5eko igoera ez da ditugun gastuen prezioen igoerara iritsiko (aseguruak, tasak, garraioak, kanpaldiak, orotariko materialak...). Prekarietate ekonomikoaren ondorioz, azken urtean zehar jasaten ari garen zailtasunak ere ez ditu konponduko, eta berriz ere arazo berdinekin topatuko gara, batez ere krisia gehien jasaten duten familiengan eragin positiboa izango luketen izaera sozialeko gastuak lehenetsi ez izateagatik. Haurtzaroari bideratutako baliabideak indartzeko beharra erakusten duen Unicef erakundeak egindako agiri batean Nafarroako haurren %17 pobrezia jasateko arriskuan daudela azaltzen da, eta datu horri buelta emateko balioko duenik ere ez dugu uste. Bestalde, lan egiten dugun auzoetan portzentaje hau, desberdintasunei dagokienez, handiagoa dela ondorioztatzea erraza da, gure ustez.
Beste gastuen aurrean, gastu sozialek lehentasuna izan beharko luketela uste dugu, are gehiago krisi garaietan, gure familiak bere ondorioak dezente ordaintzen ari baitira jadanik, eta ez lukete eragin hau bikoiztuta ikusi behar, euren seme-alabek parte hartzen duten ekintzei zuzendutako diru laguntzen beherakadaren eraginez. Gainera, legegintzaren arabera ere haurtzaroaren babesaren inguruko gastuek lehentasuna dute, nazioarteko eta estatuko hainbat legetan ikus dezakegun moduan, baita haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko 15/2005 Foru Legean ere, hor bertan zera adierazten delarik: «Foru Komunitateko administrazioak bere aurrekontuetan Foru Komunitate honetako adingabeak sustatu, lagundu, prestatu, babestu, gizarteratu eta integratzeko jarduerak eta aisialdirakoak kontuan hartuko ditu, lehentasunez. Saiatuko da, gainera, Nafarroako toki entitateek ere lehentasun hori beren gain har dezaten».
Gure elkarteek egunez egun lehentasun hau ez dela errespetatzen ikusten dute, ezta deialdi honek ezartzen dituen epeak betetzeko orduan ere, burokraziaren atzerapenek ekintzetako asko aurrera eramateko ezinbestekoa den dirua gero eta beranduago iristea eragiten baitute.
(*) Artikulua sinatzen duten elkarteak: Sanduzelaiko Umetxea, Alde Zaharreko Aldezar, Arrotxapeako Batean Federazioa, Txantreako Sinarzubi Federazioa, Etxabakoitz Bizirik eta Arrosadia, eta Azpilagainako Yoar