Rat-Zinger, arratoi kantaria
Beraien esanetan, AEBetako lehendakariarekin batera ludiko gizaki gorrotagarriena denak eman dio izena Rat-Zinger musika taldeari. Eskarmentu handiko musikariek osatzen dute rock doinu indartsuak jorratzen dituen taldea, eta estreinako lana Mauka diskoetxe sortu berrian eman dute. Taldea aurki izango da errepidean, aurreneko zuzenekoa Madrilen joko dute, Jimmy Jazz aretoan, otsailaren 4an. Izango ditugu hurbilago ere, txerri burua jantzita, jo eta su.
Anartz BILBAO | BILBO
Mauka Musikagintza arrasatear diskoetxe berriaren eskutik, Rat-Zinger taldeak estreinako diskoa aurkeztu du. Eskarmentudun musikariz osatutako bizkaitar taldea da Rat-Zinger (besteak beste Anarko, Sucio Sistema, edo PiLT). Musikariak elkartu, jotzen hasi eta «Matar a Rat-Zinger» kantua egin ostean aurkitu zuen taldeak izena. «Arratoia zeraman izenean, eta historiako pertsonaiarik gorrotagarriena denari erantzuten dio hitz jokoak, ezin aproposagoa bihurtuta», Podri kantariaren aburuz.
Hardcore eta metal doinuak jorratzen zituzten taldeetatik etorri arren, Rat-Zingerrekoek rock & roll eta punk doinuak ematen dituzte, betiere rock grinatsuaren eremuan eta Motorheaden tankeran.
Koban sortua
Orain bi urteko udan sortutako taldeak Bilboko Koba estudioan grabatu zuen hasieran «Cartas al Vaticano» izenekoa izan behar zuen, eta azkenean taldearen homonimoarekin kaleratu dena. Teknikaria PiLT taldeko Xanpe izan zuten, egun taldeko bateria jotzailea den musikaria, diskoa grabatu zuen Suspenders taldeko bateria-jotzailea ordezkatzen. Taldeak musikari lagunen partaidetza izan du diskoko 14 kantuak grabatzeko. Etsaiak eta Txapelpunk taldeko Atrofik eta Komako Brigik ahotsak jarri dituzte. MCD taldeko Neil O´Keeferen laguntza ere izan dute, lana irekitzen duen speech-ean, eta Fermin Muguruzarena euskarazko abesti bakarrean, «Plazara», Beñat Sarasolaren hitzen moldaketatik sortua. Gainera bertsio bat ere atxiki diote lanari, Quemando Ruedas taldearen «Mi navaja».
Otsailean oholtza gainean izango da taldea. Aurreneko kontzertua Madrilen joko dute, eta gero Euskal Herriko makina bat gaztetxetan entzun ahal izango ditugu, Sermond's edo lan berri bat aurkeztuko duten Habeas Corpus lagunekin batera. Gurean emango duten lehen hitzordua baina, Macarradako kideekin izango da, datorren otsailaren 19an Lemoako gaztetxean.
Otsailak 19: Lemoako gaztetxea.
Otsailak 26: Mirafuenteseko gaztetxea (+ Sermond's).
Martxoak 18: Leitzako gaztetxea (+ Sermond's).
Martxoak 19: Zaldibarko gaztetxea (+ Sermond's).
Martxoak 26: Bilborock
(+ Habeas Corpus).
myspace.com/ratzingerbilbao
Rat-Zinger taldearen diskoak Mauka etxearen plazaratzea ekarri du. Musika taldeen kudeaketa lanaz arduratzen den arrasatear ekoiztetxea da orain diskoetxe legez datorrena. Bertako arduradunen esanetan, garai latzak diren arren, «argiak izan nahi dugu musika taldeekin, eta modu zintzo batean diskoak elkarlanean argitaratu, ekonomikoki beraien gain oso-osorik utzi beharrean. Badakigu diskoetatik ez dugula etekinik aterako, baina euskarri fisikoan atera beharrekoak ikusten ditugu, musikan sinisten dugu eta». Hizkuntza, musika edo eremu geografikoen mugarik gabe, otsailean Sermond´s eta martxo aldera Xiloba berriztarren lana ere aterako dute. A. B.