GARA > Idatzia > Kultura> Musika

June et Lula, paristar hippyen doinu ameslariak, Musiketan zikloan

p048_f02_97x92.jpg

A. B. | BILBO

Frantziarrak dira Lula eta June. 2005ean Rosebud rock taldean egin zuten topo. Lehena kantaria zen eta bigarrena baxu jotzailea. Taldea utzi eta 2008an bikotean oholtzaratzeari ekin zioten arte, elkarren artean lortu zuten kidetzak bultzatuta.

Egun Junek gitarra jotzen du ingelesez mintzo den bi ahotseko bikotean. 60ko hamarkadako giroa dute ardatz, baita 70eko blues eta folk doinuak ere. Horiek guztiak gurutzatu eta elkarrekin jolasten duten bi ahotsekin janzten dituzte, umorez eta fintasunez, eta soiltasunez landutako kantuen bidez entzulea ametsezko mundu berri batera eramanez. Bikotea zuzenean trebatu da 2008az geroztik, kale kantoi, tabernetako terraza edo txoko ilunetan jo eta jo.

CH+ diskoetxeko arduradunak June eta Lula ezagutu, kontratua sinatu eta lehenengo diskoa grabatu zuten Bruselako ICP estudioan. Diskoa Jean-Pierre Bucolok ekoitzi zuen, nahasketak Phil Rantek egin zituen eta 2010eko udazkenean kaleratu zuten, «Sixteen Times» izenburuarekin. Bi musikarien artean berrogei urtetxo baino ez dituzte betetzen, eta beste horrenbeste atzera jo musika egiteko orduan, swing eta blues doinuak ahots ederrez sortzeko.

June et Lulak Bilbon joko dute, folk doinuak ardatz dituen Musiketan zikloan. Ez da lehen aldia zikloak ordura arte ezezagunak genituen talde eta ahotsak aurkeztu... eta asmatzen duena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo