GARA > Idatzia > Euskal Herria

Maria Angeles Germani zer gertatu zitzaion argitzen lagunduko du autopsiak

GARA |

Astearte arratsaldean Maria Angeles Germanen autoa agertu zen zanga iazko abuztuan eta irailean Foru Poliziak arakatua zuen, bai airez, bai lurretik. Bilaketak ez zuen emaitza onik utzi baina, ikerketan zebiltzanek ez baitzuten pentsatu auto bat bertan hondoratu ahal izateko adinako sakonera zuenik ubideak.

Horiexek dira Nafarroako Gobernuak asteazkenean emandako azalpenak, Urbiolako bizilagunaren autoa lehenago zergatik aurkitu ez duten azaltzeko. Era berean, kasu honen gainean egindako lan poliziala babestu zuten eta Ikerketa Kriminalerako agenteak buru-belarri aritu direla azpimarratu.

Ikerketak ikerketa, gorpuaren autopsia hasi zuten atzo auzitegi medikuek. Gaur goizera arte luza liteke azterketa. Oraingoz aurkitutako gorpua emakumezko batena dela dakite, Maria Angeles Germanen autoan bertan aurkitua, eta DNA proben bidez zehaztuko dute zein den, nahiz eta gutxik jartzen duen zalantzan haren gorpua dela.

Orain beraz, zer gertatu zen autopsiaren emaitzek ziurtasun gehiagorekin azalduko badute ere, Mercedes A-190 autoa leku horretan agertzeak auto istripuaren teoria indartu du eta Foru Poliziak errepideko istripuetan adituak diren agenteak ere bideratu ditu ikerketara. Desagertu zen egunean bertan izan zezakeen Germanek ezbeharra leku horretan, Los Arcosen albaitariarekin zuen zitara bidean. Inguruko bizilagunek ere, ibilgailua leku horretan agertu zela jakitean, ohartarazi zuten istripu ugari izaten diren puntua dela.

Iruñean autoari egindako lehen azterketan aurreko aldean kalteak zituela ikusi zuten, talka baten ondorio izan litezkeenak. Era berean, lekuan bertan ere golpearen arrastoak aurkitu dituzte.

Nolanahi ere, argitu gabe daude zalantza ugari; horietan nagusia, autoa bost hilabate baino gehiago zanga horretan egon bada, zergatik ez duen inork lehenago aurkitu. Izan ere, autobiarekin batera NA-111 errepidea da Urbiola Los Arcosekin lotzen duena, horregatik A-12ko kamerak begiratu eta eskualdeko errepidea arakatu zuten pista bila. Asteartean, berriz, errepide inguruan garbitze lanetan zebiltzanek aurkitu zuten ibilgailua. Zangak 2,5 metroko sakonera du eta sastrakaz beteta zegoen.

Foru Poliziak agertutakoaren arabera helikopteroz arakatu zuten ingurua, maiz lurretik ezin dena ikusteko aukera eskaintzen duelako. Bestalde, lurretik ere arakatu zuten ingurua inolako emaitzarik gabe.

Desagerketa izan ondoren ikerketak beste bide batetik jo zuten eta hilketa izan zitekeelakoan bikote bat atxilotu zuten, nahiz eta ondoren libre utzi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo