GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Oztopoak oztopo, emaitza ona; baina greba ez da helburua

Esan liteke Ertzaintzaren eraso bortitzek eta atxiloketek ilundu egin zutela Hego Euskal Herrian atzoko deituta zegoen greba orokorrak izan zuen emaitza, zalantzarik gabe kontuan hartzeko modukoa, baina, Rodolfo Aresek bezala, eskubideen aldarrikapena ordena publikoko kontutzat hartzen dutenengandik ezin gauza handirik espero. Gauza jakina da hainbat enpresabururen mehatxuek oztopatu zutela emaitza on hori; izan ere, lan prekarietatea prekarietatearen beraren kontra protesta egiteko ere kaltegarria da. Ez dago zalantzarik administrazioek berriro ere gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri zituztela grebaren emaitza txikiagotzeko. Hala ere, ukaezina da greba orokorrak, azken urte eta erdian egin den hirugarrenak, langileen eta oro har gizartearen babes zabala jaso zuela, sektore batzuetan besteetan baino areago, leku batzuetan bestetzuetan baino areago, baina aurrekoek baino handiagoa... Ertzaintzaren erasoak gorabehera, enpresaburuen mehatxuak gorabehera, gobernuen gehiegikeriak gorabehera. Areago, horiek guztiak gainditu izanak handitu egiten du grebaren emaitza ona.

Hala ere, atzoko greba ez da helburua, tresna baizik. Gobernu espainolak ez du atzera egingo pentsioen erreforma eta gainerako eskubide murrizketak ezartzeko asmoan atzoko greba orokorragatik, eta murrizketa hori etengabea da. Horrenbestez, alde batetik, ezinbestekoa da borroka-dinamikari eustea; euskal sindikalgintzak ezin du inondik inora bertan goxo egin. Eta bestetik, atzoko grebara deitu zutenek azpimarratu zutenez, lan harremanen marko propioaren beharra inoiz baino argiago agertzen da.

Marko propio hori, ordea, ezin da Estatu mailako sindikatuetako kideentzako aitzakia izan atzo bezalako grebei muzin egiteko. Izan ere, lan harremanen euskal markoa euskal langileen lorpen garrantzitsua izango litzateke, Madrilgo Gobernuaren erabakien menpe egon gabe, langileen eskubideak errespetarazteko askoz ahalmen handiagoa emango luke eta. Hartara, Madrilen burutzen ari diren «gizarte elkarrizketaren» emaitzen zain geratzeko jarrerak ez dirudi egokiena, eta UGT eta CCOO Gobernuarekin lortzear omen dauden akordioa -enpresaburuen txalo sutsuak jaso dituena- horren erakusgarririk onena da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo