BINAKAKO TXAPELKETA
Atzelari gazteen arteko lehia ikusgai Lizarran
GARA | DONOSTIA
Binakako Txapelketaren lehen ligaxkako bosgarren jardunaldia gaur gauean hasiko da Lizarrako Remontival pilotalekuan (23.00, ETB1). Martinez de Irujo eta Merino II.a Berasaluze VIII.aren eta Apraizen aurka neurtuko dira, bina garaipenekin sailkapenean berdinduta dauden bi bikoteren arteko lehian.
Partida erakargarria da, lehiaketako bi atzelari gazteenak nor baino nor arituko direlako alde batetik, eta errematerako joera handia duten bi aurrelari izango dituztelako bestetik. Orain artean, erregulartasun apur bat falta izan zaie bi bikoteei -Irujoren arazo fisikoak tarteko-, eta gaurtik aurrera ikusi beharko da bietan zeinek egiten duen gora eta zeinek behera.
Jaialdia 22.15ean hasiko da Promozio Txapelketako partidarekin. Urrutikoetxea eta Iza -garaipen bat eta hiru porrot- Gorka eta Merinoren aurka -bi garaipen eta bi porrot- neurtuko dira.