GARA > Idatzia > Kirolak> Tenisa

AUSTRALIAKO IREKIA

Na Li txinatarrak finala jokatuko du Melbournen

GARA | MELBOURNE

Txinak lehen aldiz izango du ordezkaria Grand Slam bateko finalean. Izan ere, Na Li txinatarrak Caroline Wozniacki, munduko sailkapenean lehen postuan dagoen daniarra, kanporatu zuen Australiako Irekiaren finalerdietan (3-6, 7-5 eta 6-3), eta Kim Clijsters flandriarraren aurka neurtuko ditu indarrak bihar goizaldeko partida erabakigarrian.

Istorio bitxia da Na Li 28 urteko tenislari bikainarena. Wuhan hirian jaioa, badmintonean jokatzen hasi zen, baina bere kirol arduradunek tenisera pasatzera derrigortu zuten. Azkar heldu zen profesional izatera, 17 urterekin, baina bere ibilbideak ez zuen esperotako eztanda egin. Munduko 120. postutik igo ezinik, 2002an tenisa utzi eta kazetaritza ikasketei ekitea erabaki zuen.

Handik bi urtera berriz saiatzea erabaki zuen, ordea, Beijingo Olinpiar Jokoetan pentsatzen ari zen Txinako Federazioaren laguntzarekin. 2004an WTA zirkuituko torneo bat irabazten duen lehen txinatarra bilakatu zen, Canton eskualdean, eta 2006an final-laurdenetara iristea lortu zuen Wimbledonen, denboraldia munduko 30 onenen artean amaituz.

Gaur egun, federazioa alde batera utzi eta bere senarra entrenatzailetzat hartuta, askoz lasaiago jokatzen duela aitortu izan du, eta horrek munduko 11. posturaino igotzen lagundu diola. Are gehiago, finala irabazten badu, laugarren jarriko da.

Nadal eta Federer, etxera

Gizonezkoetan, ezustekoa bi faborito nagusien kaleratzea izan da. Asteazkenean, David Ferrer-ek Rafa Nadalen arazo fisikoak baliatu zituen Manacorrekoa hiru setetan menderatu eta finalerdietara sailkatzeko. Atzo, berriz, Novak Djokovic serbiarra izan zen finalerdietan Roger Federer suitzarra kaleratu zuena (7-6, 7-5 eta 6-4). Djokovic-ek Grand Slam bakarra irabazi du bere ibilbidean, baina hura Australian bertan eskuratu zuen 2008an. Finala igande goizaldean jokatuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo