Zaldibarko eskolan erortzear den eraikinaz inor ez dela arduratzen kexu dira gurasoak
Nerea GOTI | ZALDIBAR
Zaldibarko eskolako gurasoek jadanik ez dakite nora jo behar duten urte luzeetan jasaten ari diren arazoa behingoz konpontzeko. Ikastetxeko jolastokian dagoen eraikin zahar bat jausteko zorian dago eta oraindik inork ez du neurririk hartu.
Guraso elkarteko kideek diotenez, eraikina eskola ondoan dago, eta batez ere txikiak jolasten dira haren inguruan. Azken boladan fatxadako zati batzuk jausi dira, eta orain arte eraikina erabili izan duten herriko elkarte batzuek erabiltzeari utzi diote. Administrazioak, bestalde, kasu honetan ezin du argudiatu jakinaren gainean egon ez izana. Guraso elkartekoek argitu dute 2003tik ari direla eraikinak duen arriskuaz ohartarazten.
Eskola kontseiluak, zuzendaritzak eta guraso elkarteak zenbait idatzi bidali dituzte Lakuako Gobernuko Hezkuntza Saile- ra. Alkatearekin ere hainbatetan batzartu dira eta erantzuna are kezkagarria da, diotenez. «Udalak 2008an erabaki zuen eraikina bota behar zela eta hurrengo urterako utzi zituen lurreratze lanak, haientzat lehentasuna ez zelako. Orain lehentasuna bilakatu da eraistea baina krisialdia dela-eta, dirurik ez dutela esaten digu alkateak», kexu dira kaltetuak.
GARAri azaldu diotenez, momentuz ez dute eperik jarri erantzun bat jasotzeko, baina prest daude bestelako protestak martxan jartzeko. «Badakigu egunero leku guztietan arriskuak daudela, baina kasu honetan denek dakigu benetako arrisku bat dagoela, umeek ikusi dituzte zatiak eta profesionalek ere bai. Zer gertatuko litzateke zati horretako bat gure ume baten gainean eroriko balitz?», galdetu dute.