Pello ZABALA Eguraldian aditua
Otsailtxo
Kandelaria herenegun, sanblasak atzo hortxe, gaur Santa Ageda bezpera, otsail ttikiak bere martxa hartu ezinik dihardu, ospakizun girotan. Atzo goizeko ordu bi eta erdiak aldera (03.32, erlojuetan), ilargi ttikia hor zen diximulu-diximuluan, inor ez konturatzeko gordean, bere martingalen kuzinan.
Zein martingala? Joan den hileko ilargi berriak ekarri zuen portaeratik ez da oso urruti ibiliko honakotxo hau ere. Orduko onaldiak salbatu zuen urtarril eroxka, hozberotan aspaldiko minimo altuenak oparitu zizkiguna. Erreparatu atzoko hilberri lotsatiari: gaurtik aurrera kontu goxoak ekarriko dizkizu ilgorak.
Zenbat deitura izan ote ditu otsail ttikiak? Torizu hiruzpalauko erramilletetxoa. Ea asmatzen diezun izenaren azpian zer gorde nahi izan dioten.
Barantaila deitu diote Zubero aldetik. Barandaila, Gorostiagaren aburuz, latinezko parentalia-tik etor daiteke. Ez dakit. Beste batzuen ustez, baranda edo balkonako hila ere ez dator guztiz oker. Bada berant-hila adierazi nahi ote duen dionik ere, urtea martxoan abiatzen zeneko sasoitik, honakoxea azken edo berant-hila omen zelako…
Zezeila deitura Bizkai aldetik. «Zezeilleko oloa, olo; martxokoa, oloto; apirillekoa, ez olo ez lasto». Izena badela ageri da hor. Zezenaren hila dela esan izan dute batzuk… ez dakit ba. Zezel, zezelka, totelka, ezinean bailebilen datorren udaberrixka, agian?... ez nuke ezetzik esango.
Hiltxikia: Hilik motzena da otsaila, eta izen honek argi utziko liguke hori.
Otsaila zaigu ezagunena. Batzuentzat, argi dago, otsoak menditik behera gerturatzen zaizkiguneko hila da. Otsa- aurrizki hori ez ote da basa edo basatiaren parekoxea? Hilabeterik basatiena, otsatiena ere gertatu izan baita urte dezentetan: batetik, txertu eta inauste lanetarako aproposa, bestetik ustekabeko giro makurretan ohitua eta emana; fama txar eta aipu okerrenak bere gain bildu dituena: eroxka deitu zaio alde gehienetatik.
Aurten baietz hobetoxeago portatu!!