Mila Amurrio eta Amaia Andrieu (*) UPV/EHUko irakasleak
Euskara, hutsaren hurrengoa Uniqualentzat
Unibertsitateak argi izan behar du bere eginkizuna ez dela eskola eskaintzak euskaraz egiten bukatzen. Argi izan behar du, hala eskatzen baitio gizarteak, euskaraz egitera bultzatu behar duela irakasleen jarduera ez-dozentea, eta euskarak gero eta presentzia handiagoa izan behar duela UPV/EHUn
Urtarrilaren 24an Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak Uniqual Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren arau berriak xedatzen dituen abenduaren 28ko 349/2010 Dekretua aurkeztu zuen. Aurkezpenean, sailburuaren argudio nagusiak «independentzia» bermatu beharraren inguruan garatu ziren, nonbait Agentzia «independenteagoa» egiteko baita Uniqual-en estatutuen aldaketa; eta, aldi berean, Europako Agentzien Erakundean, Enqua izenekoan, nortasun propioaz txertatzeko urratsa.
Orobat, Agentzia Europan homologatua izateko xedeari sailburuak beste bigarren bat ere egotzi zion estatutu berrietan: Irakasle eta Ikerlarien Ebaluazio Sisteman prozedura gardenagoa izatea.
Aipatu Dekretua arreta handiz irakurri ostean, gure iritziz, bestelakoa da ezkutatzen duen panorama: latza eta gordina, zinez. Batik bat Unibertsitateko euskaldunentzat. Izan ere, Uniqualen estatutu berriztatu horiek irakurtzen dituenari zalantzan geratzen zaio ea aldarrikatzen den bezain «independenteak» ote diren Agentziaren gobernu-organotzat agertzen diren Administrazio Kontseilua eta Zuzendaria. Zeren eta, Administrazio Kontseiluaren erdia Jaurlaritzak hautatzen baitu, eta beste erdiaren osaketan ere Jaurlaritzaren obedientziako kideek erabakitzen dute neurri handi batean. Halaber, Hezkuntza sailburua bera da zuzendari «egokiaren» izena Administrazio Kontseiluari proposatu behar diona. Bestalde, dekretuaren arabera, Administrazio Kontseiluari dagokio hamabost kidez osatutako Adituen Batzordea izendatzea eta, batzorde horren eskuetan gelditzen da irakasle eta ikerlarien lana ebaluatzeko Ebaluazio batzordeak aukeratzea.
Arazo txiki bat, edonola ere, sailburuak halakotzat hartzen ez duena: «independentzia» delakoa bermatzeko aitzakiarekin, irakasle eta ikertzaileen lana ebaluatuko duten Ebaluazio batzordeetako kide guztiek Euskal Unibertsitate Sistematik kanpokoak izan behar dute ezinbestean.
Inori ez zaio ezkutatzen nor eta zer jazartzen den erabaki horrekin: euskaraz diharduten irakasle eta ikertzaileak, batetik; euskaraz burutzen diren ikerkuntza eta argitalpenak, bigarrenik; ikasleak eta haien prestakuntza, hirugarrenik; eta euskararen normalkuntza unibertsitarioa, ororen gainetik.
Baina Espainiako Unibertsitate Sisteman planteatu ere egingo ez litzatekeena hemen ezinbestekotzat jotzen da, hots, ikerkuntza eta argitalpen oro kanpoko hizkuntzetan egin behar direla nahitaez. Euskal hiritar guztion zerbitzurako omen den erkidegoaren agintaritzak berak erabaki du hori.
Arazo guztiz latza, bistan da, Euskal Unibertsitate Sistema izenekoan ari diren euskal irakasle eta ikerlariak dekretuz Ebaluazio batzordeetatik kanpo uztea, besteak beste horrek euskal zientzia komunitatearekiko erakusten duen errotikako mesfidantzagatik. Baina are arazo latzagoa, agerikoa hau ere ikusi nahi duenarentzat, euskaraz burututako jardueraren ebaluazioa euskaraz ez dakiten pertsonen esku geratzeak kezka ezin larriagoa eragingo duelako etengabe.
Prentsaurrekoan Dekretu horretaz kontatu zen eta ez zen guztiari euskaldun irakasle eta ikerlarien jarduerari dagokion beste «huskeria» bat ere erantsi beharko zitzaiokeen gutxienez. Tamalez, ahaztu-edo egin zitzaion Celaa sailburuari Euskal Herriko Unibertsitatean kontratatutako irakasle eta ikertzaileek ebaluazioa eta egiaztapena lortzeko prozedura arautzen duen eta akreditazio irizpide orokorrak ezartzen dituen beste Dekretu berriaz ere (350/2010 Dekretua) zerbait komentatzea.
Antza, sailburuari ez zitzaion garrantzitsu iruditu, oraintsu arteko dekretuan UPV/EHUko irakasleei eta ikerlariei euskaraz jarduteagatik «beste merituak» izeneko atalean onesten zitzaien baloraziotxoa ere oraingo dekretu berriaren irizpide orokorretatik zeharo ezabatu dutela aditzera ematea.
Euskararen normalkuntzarako eta Euskal Hezkuntza Sistemaren Kalitatea sustatzeko politika berri horren ondorioz, esan gabe doa, Uniqual Agentziaren Administrazio Batzordeak garatu behar dituen ebaluazio-irizpide berrietan inolako baliorik ez du izango gaur egun, aski era marjinalean bada ere, positiboki ebaluatzen den jarduerak. Ez UPV/EHUn eta Euskal Unibertsitate Sisteman eskolak euskaraz emateak, ez tesiak euskaraz egin eta zuzentzeak, ez lexiko berria garatzeak, ez ikerkuntza emaitzak euskaraz argitaratzeak, ez euskaraz burutzen den ezerk ez du tokirik izango irakasle-ikerlarien ebaluazioa hobetzeko orduan.
Dekretua eskuan, ebaluazioa eta akreditazioa lortzeko prozedura berriak irakasle eta ikerlarien jarduera erdaraz egitera bideratuak dira. Eta aurrerantzean irakasle eta ikerlariek Euskal Unibertsitate Sisteman ezer egingo badute, euskara ez den beste edozein hizkuntzatan garatu beharko dituzte beren lana eta ikerkuntza.
Isabel Celaarentzat eta Patxi Lopezen Gobernuarentzat Euskal Unibertsitate Sisteman euskaraz jardutea, ikertzea, irakastea ez da jakinbide, ez da kalitate, ez da meritu; norberaren ahoan agortzen den «eskubide pertsonala» besterik ez da.
Nolanahi dela, dekretu honetan UPV/EHUk ere badu erantzukizunik bere komunitatea bete-betean baldintzatu eta bideratu nahi duten neurri hauen aurrean. Unibertsitateak inoiz baino argiago izan behar du euskara normaltzeko mandatua eta konpromisoa dituela eta halako neurri eta jarrerei aurre egin behar diela irmotasunez eta, beharrezkoa balitz, baita «pase foralak» aplikatuz ere.
Unibertsitateak argi izan behar du bere eginkizuna ez dela eskola eskaintzak euskaraz egiten bukatzen. Argi izan behar du, hala eskatzen baitio gizarteak, euskaraz egitera bultzatu behar duela irakasleen jarduera ez-dozentea, eta euskarak gero eta presentzia handiagoa izan behar duela UPV/EHUn. Eta inoiz baino argiago izan behar du, hori guztia lortzeko, euskaraz egindako jarduera unibertsitario orok izan behar duela errekonozimendurik, baita ebaluazio-sistemen barruan ere.
Euskal komunitate zientifikoari, talde politikoei eta unibertsitateko euskal sindikatuoi dagokigu egoera honi frenoa jartzea, eta euskararen normalkuntza-prozesua eta euskaldunon eskubideen defentsa behar deneraino eramatea.
(*) Jon Ander Elorriaga eta Koldo Callado UPV/EHUko irakasleek ere sinatzen dute artikulu hau