GARA > Idatzia > Euskal Herria

Esku hutsik bidali ditu Hernialdeko Udalak AHTren sustatzaileak

p012_f0147351.jpg

Janire ARRONDO

Itxita. Halaxe aurkitu zuten atzo Gobernu espainolak Gi-puzkoan duen Ordezkaritzako idazkari nagusiak, Adif-eko ordezkariek eta AHTren lanetako teknikariek Hernialdeko Udala. Goizeko hamaiketarako iritsi ziren bertara trenaren lanetarako lurrak desjabetzeko asmotan, baina esku hutsik itzuli behar izan zuten. Atean, lurjabeei zuzendutako oharra jarri zuten desjabetzeetarako bigarren hitzordu baten berri izango dutela ohartaraziz. Udaletxe barruan zeuden hainbat lagunek, bestalde, AHTren aurkako leloak zeramatzaten kartelak atera zituzten leihotik; «AHT-TAV Stop!» edo «Zuen porlanean itoko zarete», esaterako. Udaletxe atarian ere jende ugari bildu zen protestan.

Hernialden behin baino gehiagotan salatu dute trenak euren herrian izango duen ibilbidearen eta eraginaren gaineko informazio falta. Gobernu ordezkaritzari edo Adif-i behin baino gehiagotan eskatu arren, helegiteak aurkezteko epea amaitu baino aste gutxi lehenago ezagutu zuten Eraikuntza Proiektua. Hori dela-eta, helegiteak behar bezala prestatzeko denbora gutxi izan dutela salatu izan dute lurjabeek.

Lehenago, goizeko lehen orduan, Ibarrako udaletxean izan ziren trenaren sustatzaileak asmo berarekin. Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlaneko kide batek azaldutakoaren arabera, bertan, lurjabeak banan-banan igaro ziren udaletxetik aktak sinatuz. Atarian hogeiren bat lagun bildu ziren AHTren lanak geldi ditzaten eskatuz. Bai Hernialden eta bai Ibarran Ertzaintzak gertutik jarraitu zituen elkarretaratzeak.

Bien bitartean, atzo goizean Antzuola eta Ezkio-Itsaso arteko zatiaren lehen harria jartzeko ekitaldian izan ziren Gasteizko Garraio sailburu Iñaki Arriola eta Gobernu espainolaren EAEko ordezkari Mikel Cabieces, besteak beste.

6.940 metroko luzera duen zatiak Antzuola, Urretxu, Zumarraga eta Ezkio-Itsaso zeharkatuko ditu. Tarte horretan azpiegitura ugari eraikiko dituzte, gainera; Deskarga erreka zeharkatzeko 495 metroko zubia edo 5.360 metroko Zumarragako bi bideko tunela, esaterako. Honakoa izango da tren azkarrak EAEn izango duen tunelik luzeena eta irteeran kokatuko da Ezkio-Itsasoko geltokia, EAEn AHTk izango dituen seietako bat.

Lakuak jakinarazi duenez, datozen egunetan Andoain-Urnieta eta Urnieta-Hernani zatietako obrak hasiko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo