GARA > Idatzia > Ekonomia

Gobernu espainolak hartu dituen neurriak goraipatu ditu Emilio Botinek

Banco Santanderreko buruaren iritziz, neurriak «zoragarriak» dira eta Estatu espainoleko egoera «askoz hobea» da orain. Balorazio hauek eginaz batera, bankuak iaz 8.181 milioi irabazi zituela iragarri zuen.

p019_f01_148x136.jpg

GARA | MADRID

Banco Santanderreko lehendakari Emilio Botin-ek azken hilabeteetan Gobernu espainolak hartu dituen neurriak «zoragarriak» direla esan zuen atzo eta Estatu espainoleko egoera orain «askoz hobea» dela. Zentzu horretan, Efe-Tv agentziari adierazi zionez, bankuetako buruzagiek atzerriko merkatuetara etengabe egiten dituzten bisitetan, nabaritu dute jada Estatu espainolari buruz duten iritzia aldatu dela.

Hala, lehen zuen «egoera txarra» atzean uzteko, Estatu espainola «beharrezkoak» diren neurriak hartzen ari dela adierazi zuen Botinek, eta horri esker ekonomiaren egoera «nabarmen» aldatzen ari dela. Horren isla da, Botinen iritziz, merkatuak erreforma ekonomikoak aintzat hartzen ari direla eta ondorioz arrisku-primek behera egin dutela.

Era berean, orain, «lehenbailehen», enpresariek konfiantza berreskuratu behar dutela defendatu zuen Santanderreko buruak, modu honetan inbertsioa eta enplegua berreskuratu daitezen.

Banco Santanderrek iaz 8.181 milioi euroko irabazi garbia izan zuela iragarri zuen egunean egin zituen adierazpenok Estatu espainoleko lehen finantza taldeko lehendakariak. 2009. urtean 8.943 milioi euro irabazi zituenez bankuak, 2010ean lorturikoa %8,5 gutxiago izan zen beraz. Ondorioz, hasi berria den urte honetan behintzat «ekitaldi ona» izatea espero duela esan zuen Botinek.

Bankuaren inguruko beste hamaika datu ere eskaini zituen lehendakariak. Hala, Santanderreko core capital delakoak, hau da, erakundeak une jakin batean erabil dezakeen kapital portzentajea, %8,8ko mailara iritsi zen iaz, 2009an baino 0,3 puntu gehiago. Zentzu horretan, gobernu espainolak %8ko maila izan dezatela exijituko die bankuei datorren udazkenean.

Latinoamerikan %25 gehiago

Era berean, kaudimen-gabezietarako 10.258 milioi euro egokitu ostean, kudeaturiko bezeroen baliabideak 985.269 milioietan kokatu ziren, aurreko urtean baino %10 gehiago. Likidezia soberakina ere hazi egin zen, 2009ko 73.000 milioietatik 127.000 milioira igaroz. Santanderren emaitza-kontuen marjinak ere gora egin zuen iaz. Marjina gordina 42.049 milioikoa izan zen, 2009an baino %7 gehiago, eta marjina garbia 23.853 milioikoa, %4 gehiago.

Eremuz eremu, Europan 3.885 milioi irabazi zituen Santanderrek iaz, urtebete lehenago baino %23 gutxiago. Latinoamerikan berriz 4.804 milioi lortu zituen, %25 gehiago, eta Britainia Handian 1.985 milioi, 2009an baino %15 gehiago.

«beharrezkoak»

Lehen zuen egoera «txarra» atzean uzteko Estatu espainola «beharrezkoak» diren neurriak hartzen ari dela esan zuen Botinek eta horri esker ekonomiaren egoera «nabarmen» aldatzen ari dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo