Umore garratza glu glu-ren bi proposamen berrietan
Maritxu eta Bartolo, iturriarekin jolasean
Bi gazte. Interneten ibiltzeko bi ezizen: Maritxu eta Bartolo. Gaua elkarrekin pasatuko dute. Lehenengoak sexuarekin gozatzeko asmoa du. Bigarrenak, iturria bilatu nahi du munduan zehar. Glu Glu antzerki ekoiztetxeak Bergarako Zabalotegi antzokian estreinatuko du gaur «NicK Maritxu NicK Bartolo» lana, klasikotik futuristara, musikaletik dramara salto egiten duen obra.
Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
Maritxu eta Bartolo ezizenekin bi gaztek topo egingo dute interneteko txat batean. Elkarrizketa baten ostean, zita bat egitea erabakiko dute opera bateko biltegi zaharrean, hamaika mozorroren artean. Horixe izango da Glu Glu-k gaur 20.30ean Bergarako Zabalotegi antzokian estreinatuko duen «NicK Maritxu NicK Bartolo» obraren abiapuntua. Galder Perezek idatzia eta zuzendua, antzerkiak erregistro ezberdinak erakutsiko ditu: «Klasikotik futuristara, musikaletik dramara, beldurrezko eszenetatik epikoenetara edota patetismotik hunkigarritasunera. Baina beti, komedia izango da nagusi», dio Perezek.
Maritxu eta Bartoloren azalean Ylenia Baglietto eta Ugaitz Alegria aktoreak sartuko dira. Biltegian topo egitean, eta lehen aldiz elkar ikustean, bien arteko hartu-emana hasiko da, baina «bakoitzak helburu bat izango du», zuzendariak azaldutakoaren arabera. «Bartolorentzat Maritxu batekin topo egitea aurkikuntza handia izan da -azaltzen du-. Bere jokoa Maritxurekin iturria munduan zehar bilatzea izango da». Maritxu ordea, beste joko batean ari da pentsatzen, joko sexual, erotiko eta sentsual batean, alegia. «Berekin sexu jolasak egin nahiko ditu eta hor sortuko da bien arteko tirabira».
Halaber, bi ideia kaleratu ditu Perezek lanarekin. Batetik, erokeriak itsututa gauzkanean, aurrean dugun hori ikusten uzten ez digula kontatzea. «Hau Bartolori gertatuko zaio. Finean, iturriaren metafora bat da: Maritxu izan daiteke bilatzen ari den iturri hori, baina Bartolo ez da konturatzen, hori ikustea asko kostatzen zaio Maritxuk behin eta berriz iradoki arren». Erokeriak baina, edonor itsutu dezakeela gaineratzen du Galderrek, eta horregatik, Bartolorekin, identifikatzea «erraza» izango dela aurreratu zuen. «Zenbat aldiz izan dugu zerbait begien aurrean eta hala ere ikusi ez? -galdegin zuen-. Gehienetan, paretik desagertzean ohartzen gara».
Helduek jolasaren zentzua ez galtzearen beharraz ohartarazten du bigarren ideiak. «Badirudi helduak izateagatik -zioen-, jolasteko eskubidea galdu dugula eta zer demonio! Jolasa pertsonen oso atal garrantzitsua da eta guk hori aldarrikatzen dugu». Horregatik, «denak jolastera animatzen ditugu, sexuan baita bizitzako beste edozein arloetan ere».
Gizonezkoak ere, txutxu-mutxuka
Lanak plazaratzen buru-belarri dabil Glu Glu, «NicK Maritxu eta NicK Bartolo» ez baita egunotan oholtza gainera eramango duen lan bakarra. Larunbatean Bizkaia lehen aldiz zapalduko du «Cotillas» antzezlanak, Gorka Aginagalde eta Iñigo Salinero aktoreekin. Aginagalderen hitzetan, lagunak poteoan zebiltzala sortu zitzaien ideia: «Garagardoak hartzen ari ginela, konturatu ginen gizonezkoak asko aritzen garela besteez esaka. Emakumeak baino askoz gehiago egiten dugu gainera, gertatzen dena da fama eurena dela». Bitxikeria hau ildo nagusia da, eta hortik abiatuta, Bibliaz, animalien munduaz, bikoteez edota lanean izaten diren harremanez «umore garratzaz» mintzatuko dira. «Bikotea izatea eta maiteminduta egotea ez dira gauza berbera» baieztatzen dute aktoreek oholtza gainean.
Obra ikusgai izango da bihar, baita hilaren 18an eta 26an, hiru egunotan bisitatuko baitu «Cotillas»-ek BilboRock aretoa, eta emanaldi guztiak 20.30ean hasiko dira. Ondoren Gasteiz eta beste agertoki batzuk etorriko dira.
Eta jakinaren gainean ez dagoenarentzat, aktoreak abisatu du: «Lantegiko kafe makinaren inguruan izaten dira txutxu-mutxu gehienak».