EAJk, Zumaian, 16 urtez legez kanpoko esleipenak egin dituela dio auzitegiak
GARA
Herri Kontuen Euskal Auzitegiak, EAJk Zumaiako udal gobernuaren ardura izan duen hamasei urteetan, 1992 eta 2008 bitartean, legez kanpoko esleipenak egin eta luzatu zituela ebatzi du. Auzitegiaren arabera, legea betetzen ez zuten prozedurez baliatuta, Esarbe eraikuntza eta kudeaketa enpresak 4 milioi euro inguruko ordainsariak jaso zituen urte horietan.
Ebazpenaren harira agerraldia egin zuten atzo Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalaga (EA) eta bertako alkarteorde Andoni Etxanizek (ezker abertzalea) eta gogor deitoratu zuten EAJk Zumaia «enpresa pribatuen eskuetan» utzi izana.
Agerraldian aurkeztutako datuen arabera, Esarbe enpresak urtean 110.000 euro jasotzen zituen Zumaia Lantzenen bidez, eta 16 urte horietan era horretara, ia bi milioi euro jaso zituela nabarmendu zuten.
1992tik 2008ra arte Esarbe enpresak kudeatu du Zumaia Lantzen. Harreman horri amaiera jartzea erabaki zuen administrazio kontseiluak, EAk eta ezker abertzaleak Zumaiako udal gobernua eskuratuta, eta aurrerantzean, kudeaketa aurrera eramateko Zumaia Lantzenek hiru langile izango zituela erabaki zuten.
Agirrezabalagaren iritziz, «gu udal gobernuan gaudenetik errotik moztu dugu faboritismoa. Gaur egun, lehen ez bezala, prozedura guztiak gardenak dira; garbitasuna eta aukera berdintasuna ekarri dugu guk udaletxera». Kontu auzitegiak gainera hori adierazten duela argudiatu eta «tramiteen prozeduran 180 graduko aldaketa egon dela» defendatu zuen prentsaren aurrean.
Orduz geroztik egin diren esleipenek prozedura legalak jarraitzen dituztela aitortu du Kontu auzitegiaren ebazpenak eta pozarren agertu ziren bi politikariak, Zumaiako Udalean enpresa eta norbanakoen aukera berdintasuna bermatu egiten delakoan.
Andoni Etxaniz alkateordearen arabera, «Zumaiako Udala Esarberen zerbitzura jartzen zuen ate birakaria kendu dugu». Izan ere, orduko alkateak, EAJko kideak, kargua utzi eta berehala Esarbeko kudeatzaile-zuzendari gisa hasi zen lanean. Etxanizen arabera, diru publikoa interes pribatuen esku jarri zuen EAJk.
EAJk egindako legez kanpoko esleipenak auzitara eramatea aztertzen ari direla adierazi zuten prentsaurrekoan. «Agian ez da posible izango diru hori berreskuratzea. Gaia epaitegietara eraman daitekeen aztertzen ari gara. Baina herria norabide zuzenean jarri dugu», azaldu zuten.