GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

D eredua, euskara, nafar guztien eskubidea

Nafarroako zenbait ingurutako hainbat guraso, irakasle eta ikaslek D ereduaren aldeko aldarrikapena egin zuten atzo beren eskarmentuan oinarrituta. Kasu askotan hautu hori ez da ez erosoena, ez merkeena, eta hala ere, eredu hori gomendatu zuten. Hori egin zuen Artaxoako ama batek, eta «ahalegin pertsonal eta ekonomiko» handia egin behar duela aitortu bazuen ere, oso pozik agertu zen. Jakina, D eredua berez ez da ez deserosoagoa, ez garestiagoa. Nafar guztiek euskaraz ikasteko eskubidea errespetatuko balitz, herrialdeko edozein eskualdetan ahalegin berbera eskatuko luke haurrek euskarazko ereduan ikasteak. Eta haur nafar gehienek hautatuko lukete euskara ikastea bermatzen duen hezkuntza eredua. Hortaz, «Vascuencearen Legea» delakoari bere horretan eustea euskararen aurkako zigor gisa baino ezin da ulertu. Hori uste du Richard Weyndling eskoziarrak. Ingeles irakasle eta Sortzen-Ikasbatuaz-eko kolaboratzaile horrek, GARAk gaur argitaratzen duen elkarrizketan, erakusten du ondo dakiela zer dioen oro har hezkuntza arloaz ez ezik, Nafarroako hizkuntza eta hezkuntza politikaz ere. Duela 17 urte iritsi zen Iruñera, bertan euskaldundu zen bera eta bertan ikasten dute haren bi semeek, D ereduan, jakina. Eskertzekoa da hainbat topiko hauste aldera egiten duen lana, hala nola Nafarroako Gobernuak euskararen aurka egiten duen eraso etengabea agerian utzi eta salatze aldera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo