Serbiako gizartearen egonezina islatuz, mobilizaziora deitu du oposizioak
Oposizioko alderdi nagusiak manifestazioa deitu du gaurko, Belgradeko kaleetan. Izan ere, ekonomia krisiaren ondorio izan diren soldaten beherakadak, inflazioaren gorakadak eta Nazioarteko Diru Funtsaren esku sartzeak egonezin larria eragin dute Serbiako gizartean.
Pierre GLACHANT (AFP)
Serbiako gizartean sortu den egonezina dela eta -krisiak gogor kolpatu du herrialdea eta grebaren aldeko mugimendu ugari sortu dira azkenaldian-, SNS oposizioko alderdi nagusiak -eskuinekoa- manifestazioa deitu du gaurko, Belgraden.
Irakasleek, poliziek, osasun arloko eta bestelako enpresa ugaritako hainbat langilek jasotzen duten soldata eskasegia dela salatu dute. Etengabe hazten ari den inflazioaren eraginez, soldaten balioa are txikiagoa da.
Datu ofizialen arabera, batez besteko soldata 39.580 dinarrekoa [390 euro] zen abenduan eta iazko inflazioa %10,3koa izan zen.
Serbiako Merkataritza Ganberaren arabera, 2010. urtean Europan izan den inflazio mailarik handienekoa da hori.
Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleek hasi zuten mugimendua joan den asteko ostiralean, beren soldatetan %20ko igoera eskatuz. Ikastetxe gehienak itxita egon ziren ostegunean. Herrialdeko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 1.800 ikastetxe biltzen ditu mugimenduak, Serbiako prentsaren arabera.
Serbiako lehen ministro Mirko Cvetkovicek zentzugabetzat jo zituen grebalarien eskaerak. Horiek onartuz gero, inflazioa %300era iritsiko litzatekeela eta dinarrak euroaren aurrean izugarrizko beherakada izango lukeela adierazi zuen.
13.000 polizia ere greban daude ostegunetik, euren soldatak %40 handitzeko eta lan baldintzak hobetzeko eskatuz.
Antolatzaileek ohartarazi dutenaren arabera, soilik larrialdiei erantzungo diete.
Haserrea medikuengana ere heldu da. Branislava Plancak ordezkari sindikalak Gobernuak ez diela euren aldarrikapenei jaramon egin nabarmendu zuen, eta aurrerantzean «sindikatu arloko tresna guztiak» erabiliko dituztela esan zuen.
Gobernuak %2ko igoera baino ez die eskaini. «Iraingarria da hori eta medikuak ezin izango dira horrekin ase», esan zuen beste sindikalista batek, eta «langileen egonezina itzela» dela gaineratu zuen.
Baina Serbiako Gobernuaren ahalmena urria da, 2011. urtean aurrekontuen defizita barne produktu gordinaren (BPG) %4an mantentzea adostu zuelako Nazioarteko Diru Funtsarekin (NDF).
Miroslav Zdravkovic ekonomialariaren ustez, egoera ekonomikoa biziki larria da hiri txikietan, bertako soldatak Belgrad edo Novi Sadekoak baino txikiagoak direlako. Horrela, 5,5 milioi serbiarrek 90 eta 115 euro bitarteko soldata jasotzen dute. Orotara, 7,5 milioi biztanle ditu Serbiak.
Hamar mila polizia eta SNS oposizioko alderdiko -Serbiako Alderdi Aurrerakoia- kideak arduratuko dira gaur Belgraden izango den manifestazioaren segurtasunaz. Aldarrikapenen artean, hauteskundeak aurreratzea dago.