«Pozez hartu dut saritua emakumea izatea, eta neu izatea, ezustekotzat»
Kantaria
Maite Idirinek urteak eman ditu euskal kantagintzaren munduan. Gaztetik hasi zen kantatzen, aurrenik Zeberion, ondotik Ugaon. Bere lehenengo emanaldian, 1968an, Atahualpa Yupanquiren abesti euskaratuak kantatu zituen. Ondotik, Euskal Herriko eta Europako hainbat herrialdetan kantaldiak eskaintzen jardun izan du. Soprano gisa aritzeaz gain, ikerkuntzan ere egin ditu lanak.
Ainize BUTRON | BAIONA
Musikaren arloan izandako ibilbide zabala goraipatu nahian, Eusko Ikaskuntzak eta Baionako hiriak urtero banatzen duten Euskal Kulturaren Ohorezko Saria Maite Idirini eskaini diote aurten. Ipar Euskal Herrian euskal kulturaren edo zientziaren alde lan egin duten lagunak omentzea du helburu sariak.
Zer-nola hartu duzu Baionako hiriak eta Eusko Ikaskuntzak eskaini Ohorezko Saria?
Pozez eta sorpresaz. Poz handia izan da, ez bakarrik niretzat, baita oraingo honetan emakume bat saritua izan delako ere. Gizonak sarituak ikusten ohitu gara. Beraz, sari hau eskuratzea sorpresa izan da, alde batetik, eta poza ere bai, beste emakumeei ateak zabaltzen baitizkiet sarien mundura.
Sari horren bidez zure ibilbide osoa goraipatu nahi dute.
Nire ibilbidea ohiz kanpokoa izan dela diote. Zeberion hasi nintzen kantatzen, eta ondotik Ugaon jarraitu nuen. Ez Dok Hamahiru, eta Atahualpa Yupanquiren garaietan hasi nintzen. Azken horren abestiak entzun nituelarik txundituta geratu nintzen hitzekin, eta euskaratzea erabaki nuen. 1968an hasi nintzen, eta hortik aurrera kantaldi asko egin nituen Euskal Herrian, baita atzerrian ere, Zaragozan edo Flandrian kasurako. Geroago, Ipar Euskal Herrira jo nuen, eta hortik Parisera joan nintzen. Bertan, Quartier Latin izeneko auzoan zegoen Candelaria kafe-antzokian euskaraz abesten jarraitu nuen. Paristik 1972an itzuli nintzen. Zabal liburutegia irekitzearekin batera, kantaldiak egiten jarraitu nuen. Garai horretan, Etxamendi eta Larralde, edo Manex Pagolarekin egiten nituen eta lau disko kaleratzeko aukera izan nuen.
Erran daiteke zure ibilbidearen lehendabiziko zatia zela garai hori, ondotik, musika klasikoan gehiago aritu zara.
Garai haietako kantaldietan politika egiten genuen. Francoren heriotzaren ondotik, eta Euskal Herria funtzionatzen hasi zelarik, gure gisako kantarien beharra gutxitzen hasi zen. Naturalki hasi nintzen klasikoa kantatzen. Baionako Kontserbatorioan sartu nintzen, eta Musikologia ikasketak egiten hasi nintzen. Donostian talde bat osatzeko eskaria izan nuen euskal musika klasikoaren inguruan. Horrekin batera, denbora luzea eman nuen abesbatzarekin. Peio Portu ezagutu nuen ondoren eta Choeur Mixte du Pays Basque osatu genuen elkarrekin, ondoren Xaramela izena hartu zuena. 1981ean kaleratu nuen azken diskoa.
Zergatik ez duzu horretan jarraitu?
Ezin izan nuen disko gehiago atera, mota horietako diskoak ez baitira asko saltzen. Behin ikasiz gero, kantatzea erraza da. Beraz, kantaldiak eta konpositoreei buruzko ikerketak egiten jarraitu dut. Gauza asko atera ditut argitara XIX. eta XX. mendeetako emakume konpositoreei buruz. Joan den ekainean Bilboko Campos Eliseos antzokian Bilboko Orkestrarekin «Euskal emakume musikagileak» egitarauaren inguruan emanaldia egin nuen.