GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jexux Arrizabalaga Euskara irakaslea eta EHEko kidea

Sasi guztien gainetik...

Euskal komunitateak aurrera egin dezan oztopo da egungo markoa. Beste zerbait behar dugu, euskararen autodeterminazioa onartuko duena

Egoera demokratiko batean bizi garela sinetsarazi nahi digute. Ziur asko, asko eta asko izango dira hala dela uste dutenak. Aurreko beste egoera batzuekin alderatuta, dudarik ez dago hobeto eta askeago bizi garena. Hala eta guztiz ere, batez ere, herri minorizatuetako herritar anitz gara egungo egoera irauli nahi dugunak, ez dugulako beste irtenbiderik ikusten geure buruaren jabe izan nahi badugu.

Komunitate batekin identifikatzen dugu geure burua, hau da, euskalduna den eta izan nahi duen komunitatearekin. Gainera, etorkizuna bermaturik izan nahi dugu garatzen joan ahal izateko, eta zailtasunak ditugu, oztopoak ditugu xede hori erdiesteko. Euskaraz bizi nahi dugu, eta zaila egiten zaigu egun bizi dugun marko honek ez digulako aukerarik ematen horretarako.

Aldaketaren beharra ez da soilik egoera sozio-ekonomiko-politikotik ikusten dena. Soziolinguistikotik eta kulturaletik ere garbi ikusten da aldaketaren beharra. Gero eta herritar gehiago gara aldaketaren beharra sentitzen dugunak.

Aldaketa hori urratsez urrats egin beharrekoa izango da. Betiere, xede baterantz eramango gaituela, Euskal Herri euskaldunera eramango gaituela, hain zuzen ere. Bide horretan borroka uneak bizitzea tokatuko zaigu, une gordinak ere bai, konfrontazioa ezinbestekoa izango da-eta aurrera egingo bada. Ikusita aurrean dauzkagun etsai inposatzaileak zer arma eta trikimailu erabiltzen dituzten, beste irtenbiderik ez dugula izango uste dut.

Era askotako trikimailuak erabiltzen badituzte ere, azken urte hauetan, euskaldunon eskubideak murrizturik eta gutxietsirik jarrai dezaten demokrazia eta konstituzioa aipatzen dizkigute etengabe. Bi kontzeptu horiek erabiltzen dituzte gauzak lehengoan jarrai dezaten, aldaketarik izan ez dadin.

Litekeena da beren burua estatu espainol eta frantsesarekin identifikatzen duten herritar gehienak egoera demokratiko batean bizi direla konbentziturik egotea. Baina zer gertatzen da beren burua euskaldun, katalan, galiziar, korsikar, bretoi, okzitaniar... eta gisakotzat dutenekin?

Argi dago demokraziak daudela. Demokrazia, hitz larriekin idazten dena, egon egongo da, baina, teorian. Errealitatean demokraziak daude, estatuetan egikaritzen diren demokraziak. Eta gurean indarrean dagoena ez da gure demokrazia, izan ere, demokrazia horretan sustraiturik dagoen konstituzioa ez da demokratikoa, beste gauzen artean ez duelako euskaldunen herria denik ere ezagutzen.

Euskal komunitateak aurrera egin dezan oztopo da egungo markoa. Beste zerbait behar dugu. Euskararen autodeterminazioa onartuko duena. Demokrazian bizi nahi duenak ezin du horren aurka egon. Euskararen autodeterminazioa onartzen ez duen demokrazia ez al da Xabier Amurizak txerri askara bota zuen hura?

Beraz, sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe izan gaitezen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo