La Herrera Herrira batzordeak Trintxerpe ingurua eraberritzeko proposamena aurkeztu du
Nagore BELASTEGI | PASAIA
La Herrera Herrira batzordeak hilabeteetan herritarren artean Trintxerpeko gune ezaguna bere onera ekartzeko garatu duten proposamena aurkeztu zuen plano baten bidez, ordezkari politiko, arkitekto eta teknikoekin eztabaidatu ostean.
Duela 18 hilabete hasi ziren biltzen ehun bat bizilagun, eta prozesu parte-hartzaile bati jarraituz, bi fasetan, diagnostikoa egin eta herritarren lehentasunak zeintzuk diren zehaztu dutela azaldu zuen Maite Fernandezek, La Herrera Herrirako kideak.
Batzordeko beste kide batek, Iñaki Aristik, planoa azaldu zuen. Hasteko, herritarrek paseatzeko eta aisialdirako espazio baten beharra nabarmendu zutenez, Herrerako topo geltokitik Hospitalillo kairaino oinezkoentzako pasealekua eraikitzea proposatu dute. Gainera, Herrerako bihotzean gune berde bat kokatu dute, erabilgarria izango den gune berde bat, «ez lorategi huts bat, baizik eta belarraren gainean eguzkia hartzeko eta haurrek jolasteko gunea».
Parketik gertu bi plaza handi eratu nahi dituzte. Bata Euskadi etorbidearekin lotua; bestea, urertzean, itsasoan barneratzen diren eskailerekin. Itsasotik hain gertu dagoen tokia izanik, urarekin jolasteko gune bat izango da parkean, eta handik gertu gazteentzako jolas gune bat eratu nahi dute, skate pista eta guzti.
Aparkalekuek ere garrantzi handia dute. Gutxienez 2.000 plaza egitea nahi dute, gehienak lur azpikoak, eta egoiliarrek zein langileek aukera izan beharko dute erosi edo alokatzeko. Beste batzuk, txandakatzekoak izango dira, gainerako erabiltzaileentzat. Eraikinei dagokionez, honakoa proposatu dute: gizarte ekipamenduak, kultur ekipamenduak, itsasoari lotutako kirol ekipamenduak, udal zerbitzuetarako eraikin bateratua, Azti-Tecnalia zentroaren eraikin handiagoa, etxebizitzak, ikasleentzako prestakuntza zentro eta egoitzak eta «eraikin ikonoak». Eraikin ikono esatean, turismoa erakartzeko eraikina adierazi nahi dute, Euskal Herriko Itsas Museoa, diseinua eta moda ikasteko Rabanne eraikina edo ondoan sortu nahi duten hotela, alegia.
Planoan azaltzen diren beste proposamen batzuen artean daude Karmengo Ama eskola handitzeko lanak, kirol instalazio egokiagoak eta itsas eskolaren areto nagusia auditorium gisara erabiltzeko aukera. Gainera, herriaren ekonomia ere gogoan izan du batzordeak. Horregatik, saltokiek zein industriek, nahi izanez gero, ekintzak antolatzeko tokia aurreikusi du.
Agintarien txanda da
Hizlariek nabarmendu zuten Herreraren eraberritzea Pasaia osoaren onerako izango dela, eta horregatik gainerako guneekin lurreko eta itsasoko garraio loturak proposatu dituzte, tartean bidegorriak.
Aristik agintariei eskatu zien herriak nahi duena errespeta dezatela, proposamena aurrera ateraz. «Guk proposaturikoa baino askoz garestiagoak diren beste proiektu batzuk garatzen ari dira, eta inork ez ditu zalantzan jartzen, beraz, pentsaezina da herriarentzat beharrezkoa den zerbait eraikitzea zalantzan jartzea», esan zuen Aristik. «Aurretik egindako hanka-sartzeak konpondu behar ditugu gure ondorengoek guk jasotakoa jasan ez dezaten. 15-20 urtez atzeratu den eraberritzea dugu helburu, eta proposamen hau puzzlearen zatirik garrantzitsuena da», gaineratu zuen.
Proposamenaren datu orokorrak ezagutzera emateaz gain, lanean jarraituko dutela nabarmendu zuten, herritarren beharrak aztertzen. Sinadurak biltzen hasiko dira eta martxoaren erdialdean Pasaiako herritarrei proiektua aurkeztuko diete.