GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA Urrezko Lehiaketa

Finalerdietarako txartela izango da jokoan Elgoibarren

Azurmendi-Atutxa, Lopez-Erasun eta Arria-Rekondo neurtuko dira.

p038_f01.jpg

Jon LEUN DA

Finalerdietan sartzeko azkeneko aukera izango da gaur Elgoibarren, Ikastolako pilotalekuan, 19.00etatik aurrera. Bertan lehen fasean aritu diren hiru multzoetako bigarren sailkatuak neurtuko dira, eta saria irabazleak bakarrik izango du, finalerdietan sartzeko txartela eskuratuko baitu.

Azurmendi-Atutxa II.a, Arria-Rekondo eta Lopez-Erasun izango dira lehian arituko diren hiru bikoak. Faboritoak aipatzerakoan Azurmendi eta Atutxa dira zaleen gustukoenak, baina hiru bikoak ere nahikoa orekatuak dira, nahiz eta aipatu bikotean bakarrik diren bi kideak Lehen Mailakoak.

Orain arteko saioetan bezalaxe, lan ezberdinak egin beharko dituzte, eta horiek egiten denborarik gutxien pasatzen duen bikoak lortuko du finalerdietan izateko txartela.

Nazabal-Jauregi, Ohian eta Donato Larretxea eta Arrospide-Mugertza II.a jadanik sailkatuta daude, eta horiek guztiak gaurko saioari begira egongo dira, hortik aterako baita beraien aurkarietako bat.

Gaur, Elgoibarren gazte mailako neurketa ere izango da. Alde batetik Zabaleta-Otaño arituko dira, eta bestetik Kortxero-Larrea III.a. Lehen bikoak orain arte bi saio jokatu ditu, eta horietako bat irabazi eta bestea galdu egin du. Beste bikoak saio bat jokatu eta bera galdu egin du. Gaur irabazteak balio handia izango du bientzat.

Bihar, 12.00etatik aurrera Legution izango da beste saioa, eta han gazte mailakoak neurtuko dira. Eneko Saralegi eta Vicente II.a Ussiaren eta Lopezen aurka lehiatuko dira. Lehen bikoak irabazten baldin badu, jadanik finalean izango da, orain arteko saioak irabazi egin baitituzte. Lopezek eta Ussiak, berriz, orain arte saio bakarra jokatu dute, eta hura galdu egin zuten.

Bestetik, bihar 10.00etatik aurrera, Kastro Azpeitiko Mendizabal jatetxean egongo da, Zalduaren zain. Nafarrak apustua egin nahi du, eta horretarako 16 kana-erdikotara jokatzeko prest zegoela iragarri zuen. Neurketa apirilaren hasiera aldera jokatuko litzateke, eta dirutan, berriz, 3.000 eurotik gora jokatu nahi ditu. Akordioa lortzeko Zalduaren zain egongo da gaur. Apustua gauzatzen baldin bada, urte honetako lehen aizkora apustua izango litzateke, orain arte ez baita bat bera ere jokatu. Pasa den urtean, berriz, hiru desafio jokatu ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo