Berezkoak
Waltari izan daiteke lehenengo finalista
J.L.
Berezkoen Buruz Buruko Txapelketan, bihar 16.00etatik aurrera Garindainen jokatuko dira finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldiko partidak.
Lehen neurketan, pasa den asteko bi galtzaileak arituko dira nor baino nor, Harizmendi eta Bonebeltxe, alegia. Partidak sekulako garrantzia izango du, izan ere garaipena lortzen ez duenari finala jokatzeko ia ate guztiak itxi egingo zaizkio, eta garaipena lortzen duenak, oraindik atea pasatzeko modua izan dezake.
Harizmendi da garaipena lortzeko faborito nagusia. Lehen jardunaldian galdu egin zuen Kurutxariren aurka, baina zaleen ustez Bonebeltxe baino gehiago da. Dena dela, zaleek ez zuten uste lehen jardunaldian Harizmendi galtzaile aterako zenik, dirua nabarmen atera baitzen bere alde. Abenduaren amaieran Superprestigioko finala jokatu zuen, eta horrek aukera gehiago ematen zizkiola uste zen, baina Kurutxari sasoiko zegoen, eta lehen puntuak ihes egin zion.
Dena dela kontuz ibili beharko du Bonebeltxerekin. Makeakoa bere helburua beteta heltzen da ligaxka honetara. Profesionaletara pasatu berri da, eta inork ez zuen uste hemen izango zenik, baina hemen dago. Egia da kanporaketa bat jokatu beharrik gabe gainditu duela, Etxeto lesionatuta zegoelako, baina hemen dago. Lehen jardunaldian Waltarik ez zion eman inolako aukerarik.
Bigarren partidan lehen saioko bi irabazleak, Waltari eta Kurutxari neurtuko dira. Kubatarrak erakustaldia egin zuen Bonebeltxeren aurka. Sakea zitala dauka, eta horrekin sekulako triskantza egiten du, ia tanto erdiak eskuratuz. Bera da faboritoa, azkeneko urte hauetan lehiaketa garrantzitsu guztiak irabazi ditu bai banaka eta bai binaka, eta aurtengoa irabazteko ere faborito nagusia izango da.
Kurutxari galtzeko gutxirekin kantxaratuko da, eta badaki azkeneko jardunaldian Bonebeltxeri irabazten badio, finalean izateko aukera asko izango dituela. Berak garbi esan zuen boteak erabakiko duela biharko neurketa. Errestoan kubatarrari erantzuteko modua egiten badu, irabaztetik gertu ibil daiteke, baina hor izaten dira komeriak, Waltariren sakeak sekulako abiada eramaten baitu, eta horri buelta ematea ia ezinezkoa izaten da.
Partida honetako garaileak hanka bat finalean izango du. Dirua, berriz, oso nabarmen aterako da Waltariren alde, eta jokoan ezustekoren bat gertatu ezean, ez du ematen jendeak diru asko jokatuko duenik.