GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

SOKATIRA Euskal Herriko Txapelketa

Badaiotzek eta Abadiñok aurreikuspenak bete nahi dituzte Zeberioko saioetan

J.L.

Gaur arratsaldean, 18.00etatik aurrera Zeberion, Euskal Herriko Txapelketako beste bi txapel banatuko dira. Alde batetik, 640 kilokoan gizonezkoen finala jokatuko da, eta bestetik, emakumezkoen azkeneko ekinaldia 540 kilokoan.

Gizonezkoen 640 kilokoan aurreko bi larunbatetan kanporaketak jokatu ostean, sei onenak neurtuko dira Zeberion. Abadiño, Ibarra, Sokarri, Berriozar, Amaiur eta Ñapurrak izango dira txapelaren lehian arituko diren taldeak.

Faborito nagusia Abadiño da. 680 kilokoa beraiek irabazi zuten, baina pisu berriko lehen jardunaldian ez zuen eman itxaroten zen maila -ohiko tiralari guztiak ez ziren plazaratu-. Pasa den astean, ordea, onenak izan ziren, eta badirudi gaurkorako ere faborito nagusiak izango direla. Iaz dena irabazi zuten, baina aurten laukoan esku hutsik amaitu zuten. Horrek zalantza batzuk sortu zituen, baina badirudi horiek uxatuko dituztela.

Ematen du Ibarra izango dela Abadiñoren aurkari nagusia. Laukoan onenak izan ziren, eta denboraldiko lehen txapela jantzi nahian helduko diote sokari.

Emakumezkoetan, berriz, bigarren posturako lehian egongo da emozioa. Ligaxka moduan lehiatzen ari dira, eta aurreko saioetan Badaiotz jaun eta jabe izan zen, eta jadanik alde nabarmena atera die bere aurkariei. Emozioa Ibarraren eta Sakanaren artean egongo da, orain artekoan nahiko parean dabiltzala erakutsi baitute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo