Biloreri konponbidea exijitzeko, elkarretaratzea otsailaren 12an
A.Z. | ZALDIBIA
Zaldibiako Udalak elkarretaratzea deitu du datorren otsailaren 12rako duela sei urte itxi zuten Bilore lantokiaren parean. Udalak prentsa ohar batean salatu duenez, Bilore itxi zutenetik guztiz utzita dago lokala, eta «sakeorako» gune bihurtu da. Ondorioz, «nola kudea daiteke hain axolagabe `kutsatutako lur eremu' izendatutako gune bat?», galdetu du Udalak.
Halako egoerak kudeatzea Administrazioari dagokiola uste dute, eta horretarako behar diren bitartekoak jarri behar dituela. Herritarrek informaziorik ez dutela ere salatu du Udalak. Eskuratu dituzten datuen arabera, Biloreren kasua epaitegian dago. Herritarrek zer gertatzen ari den jakiteko eskubidea dutela aldarrikatu du Udalak. «Administrazioak eta arduradunek informazio zehatza eta irtenbideak eman beharko lizkigukete zaldibiarroi», esan du.
Amiantoa erre
Pasa den ostegunean Biloreren gaiaren inguruan sakontzeko herri batzarra egin zuten eta herritarrek kezkatuta daudela baieztatu zuten. Biloreko langile ohiek ere, bizitza osoan bertan lanean aritu eta esku hutsik kale gorrian gelditu zirenek, ezintasuna sentitzen dutela adierazi zuten, baita kezka ere, enpresan gaur egun agerian geratzen ari diren sustantzien eta materialen arriskuagatik, besteak beste, amiantoa, sufrea nahiz azido sulfurikoa. Horren harira, enpresatik txatarra ateratzeko asmoz kontrolik gabe egindako lanen ondorioz azken asteetan amiantoa erre dela adierazi zuten herritarrek eta horrek sorturiko kutsadura herrira iritsi dela usain eta ke beltz bat zabalduz.
Azken hiletan enpresa ohiak hartu duen martxa dela eta, mobilizatzeko beharra ikusi dute Zaldibiko herritarrek. Hala, otsailaren 12rako elkarretaratzea deitu dute Bilore aurrean. Sinadura bilketa ere abiaraziko dute ondotik, Gipuzkoako Aldundira eta Gasteizko Gobernura jo eta irtenbideak exijitzeko.