GARA > Idatzia > Kultura

Elkar hobeto ezagutzeko balio izan du Europako irrati komunitarioen foroak

GARA | DONOSTIA

Atzo amaitu zen Antxeta irratiak ostegunean hasi zuen Europako irrati komunitarioen lehen foroa eta irrati horretako koordinatzaile Aitziber Zapirainek azaldu zuenez, lehen ekimen honi buruzko balorazioa «baikorra, polita» da.

«Etorritako irratien barne topaketa bat» izan dela adierazi zuen Zapirainek, eta espero zuten moduan, ikus-entzule gehienek irratigintzarekin zerikusia edo loturaren bat zuten, baina, atzo goizean izan zen saioan, Irungo La Salle ikastetxean egindakoan, hainbat herritar ere bertaratu zirela azaldu zuen.

Ekimena Antxeta irratiaren hamargarren urteurrenaren harira sortu zen eta munduko beste irratiekin harremanak sortzeko asmoz eraman da aurrera proiektu hau. «Elkar ezagutzen genuen dagoeneko. Gure artean gehiago ezagutzeko balio izan digu», azaldu zuen Zapirainek.

Urteurrena zela-eta sortutako ekimena denez, ez dute errepikatzeko asmorik azaldu Antxetakoek, hala ere «galdera hor gelditzen da», aitortu zuen Zapirainek. «Ez dakit Antxeta beste bat antolatzera animatuko den». Hala ere, Munduko Irrati Komunitarioen Sareko Europako batzordeak deitutako topaketetan parte hartuko dutela baieztatu zuen Zapirainek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo