GARA > Idatzia > Mundua

Baionan, auziak bertan behera utzi dituzte magistratuek, protesta gisa

Ainize BUTRON

Baionako epaitegiko magistratu, abokatu eta langileak elkartu ziren atzo biltzar orokorrean, eta ostegunera arte finkatuak ziren auzi guztiak bertan behera uztea erabaki zuten. Lanbideko hogei bat lagun epaitegiko auzi gelan elkartu zirela, ekintza horren zergatiaren berri eman zuten, Olivier Janson magistratuen sindikatuaren ordezkariaren bidez. Izan ere, basakeriaz hildako 18 urteko neska baten gorpua Nantesen agertu ostean, igandean, Nicolas Sarkozy frantses presidenteak egindako adierazpenak gogora ekarri zituen Jansonek, eta gogor salatu. Hain zuzen ere, justizia eta polizia zerbitzuen «funtzionamendu akats larriekin» lotu zuen gaztearen hilketa Sarkozyk.

Sindikatuaren ordezkariak gogorarazi zuen frantses Justizia Ministerioa lehendik jakinaren gainean zegoela Nantesen zerbitzuotara bideratzen diren baliabideen eskasiaz.

«Azken bederatzi urteotan frantses Gobernuak eramandako segurtasun politikak porrot egin du. Porrot horren ardura inork berari ez leporatzeko asmoz, errudunak bilatu ditu Sarkozyk, eta justizia zerbitzua izan da horietariko bat», salatu zuen Jansonek. Segurtasun arloan aurrera eraman dituzten lege guztiak «loturarik gabekoak» direla jarraitu zuen azaltzen. «Gaur egun Gobernuak justizia arloan daraman politikak komunikazio hutsari erantzuten dio. Ez da sakoneko lanik egiten», salatu zuen.

Herritarrei jakinarazi

Magistratu eta abokatuek abiatu duten protesta ekintza horren bidez herritarrak informatu nahi dituzte «zer gertatzen ari den» jakin dezaten. «Badugu magistratu gisa zuhurtasun betebeharra. Baina, oraingoan Sarkozy sobera urrun joan da. Herritarrek gure iritzia entzun dezatela nahi dugu».

Epaiketa guztiak ondoko ostegunera arte etetea erabaki dute magistratuek, abokatuen babesarekin. Ostegunerako frantses Estatuan mobilizazio orokorra iragarri dute magistratuek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo