Lagun aro gbc
Zazpi asteko penitentzia nahikoa badelakoan
Arnaitz GORRITI
Santa Ageda egunaren biharamona da gaur, baina Lagun Aro Gipuzkoa Basketek ez du martiri izateko bokaziorik. Ez luke behar bederen. Sizilia aldeko birjina eta martiriak bularrak eta bizia galdu zituen bere kristau fedea defendatzearren; hots, irudimen oro gainditzen duen sakrifizioen kupoa bete xamarturik dagoela. Gainera, donostiarrek Menorcaren aurkako partida galduz gero norbaiten burua ere kolokan egon liteke. Zazpi asteko penitentzia nahikoa eta larregi ere izan dira, eta honek ere amaiera merezi du.
Kezka sortzen du nolanahi ere Gipuzkoa Basketen bolada txar honetan etxean jokaturiko partidarik eskasenak zeinen aurka izan diren ikusteak: Alacant eta Fuenlabrada, gipuzkoarrekin batera maila ez galtzeko borrokan ibili behar duten taldeak, alegia. Aldiz, azken hiru liga txapelketetako finalak jokatu dituzten Bartzelonaren eta Baskoniaren aurka sekulako lana egin ostean galdu dute Pablo Lasorenek. Bada ordua aurkari zuzenen aurka zuzen jokatzeko.
Jokalariak eta entrenatzailea jabetzen dira partidaren garrantziaz, Menorca azken-aurreko postuan baitago, donostiarrengandik bi garaipenetara. «Bolada txarra apurtu eta konfiantza berreskuratu behar dugu. Menorca ere irabazi beharrean dago beheko postuetatik irteteko. Alacant Menorca bezala etorri zen eta garaipena lortu zuten», adierazi du asteon Javi Salgadok. Teoria praktikan jartzea falta da orain.
San Emeterio vs Carroll
Caja Laboral Baskoniak, berriz, Kanaria Handiaren etxean «Harkaitza» deritzon pabiloian jokatuko du 13.00etatik aurrera [Euskal Herriko ordua]. Kantxa deserosoa izanagatik -iaz 86-85 galdu zuten arabarrek- aurreneko postuetatik asko urrunduko lirateke baskonistak galduko balute, eta irabaziz gero, aldiz, mesede galanta egin Bilbao Basketi, esaterako.
Partida honetako buruz buruko norgehiagoka erakargarriena Jaycee Carroll eta Fernando San Emeterio hegalekoek jokatuko dute. Kantabriarra da ACB Ligako balorazio liderra eta amerikarra, berriz, ligako saskiratzaile onena, batez beste ia 18 puntu sartuta. Iaz 28 sartu zizkion Carroll-ek Baskoniari, eta bada, lana beltz egin beharko dute gasteiztarrek Kanaria Handiaren eraso erreferentzia nagusia den jokalaria gelditzeko.