GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Tahrir plaza horrena

Astegun arruntean. Suezeko kanala itsasontziz mukuru dago; eta ontziak petrolioz lepo. Handik ez oso urrun, Kairoko Tahrir plaza egiptoarrez beteta dago, alde bitan beteta egon ere. Batera, eskuinean, tronuan jarraitzen duen faraoiaren aldekoak; horren kontrakoak, bestera, plazaren ezkerrean, baina batera hauek ere. Ke arteko egunak dira plazak bizi dituenak. Astegun arruntean ere. Tamaina guztietako harriak airetik, hegazka, batzuk ezker-eskuin, eskuin-ezker besteak. Europako harrobi-jabeak pozarren ozta. Tankeak plaza erdian harrituta, halabeharrez, bertan den pantaila erraldoiaren zaintzaile edo. Dena da istilu, kalapita, zalaparta. Dena ez, danbatekoak eta zartakoak ere badirelako. Derrepentean, eguerdi aldean, isiltasuna agintari, dena geldi, dena bare, arnasarik entzun ez, ez eta puzkerrik ere. Txoriek berriro hartu dute plazako aire-eremuaren kontrola, buruko kaskoa habian utzita. Alde batekoak eta bestekoak plaza erdira bildu dira, tankeen ingurura, isilean, nahastu gabe bildu ere, eta pantaila erraldoiari begira paratu dira, urduri antzera, jakin minean edo, seinalearen zain.

Hamabietan puntuan pantaila argitu eta Al Jazeerako albistegien melodia hasten da zabaltzen plazaren barrenean. Artegatasuna ukitu egin daiteke jendearen artean. Plazako isiltasunak piramideen barruko hilobikoa ematen du; are gehiago, hilobiotan zarata handiagoa da, sitsen arnasagatik, seguruen. Horra, joan badoa albistegia. Lehenbiziko minutuak, ohikoa den legez, Egiptoko errepideen egoerak eta eguraldiak ekarriko bide duenak hartzen dituzte. Ordurako hainbat ikus-entzule zerraldo eroriak dira plazan, bihotzekoak jota, itxuraz. Tira, ez dira lurrean eroriak, lurrean leku librerik bat ere ez delako, zutik dirautenen artean dira horiek erdi jausita. Artega gero eta gehiago, arnasketari eutsi nahian. Pantailako neska atariko albistea ematera doa... plazan gero eta zerraldo gehiago zenbatu daitezke; hala eta guztiz ere, ilargierdi gorrikoek bere horretan segitzen dute, tinko, pantailari begira, lepoa geldi. Suezeko kanaletik petroliontziak etengabe ari dira, mendebalderantz gordailuak beterik batzuk, ekialderantz hutsik besteak. Albistegiko neskak konektatu egiten du segituan, zuzeneko emanaldian, telebista kateak duen berriemaile bereziarekin. Eta beste neska bat ageri da pantailan, mikrofonoa eskuan, bere atzean NaBaiko egoitza duela, Iruñean...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo