Bertsolaritzaren botila betetzen jarraitzea, aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketaren helburu
«Bete!» izango da aurten Arabako Bertsolari Txapelketako lema nagusia. Helburuak, lehiari etiketa propioa jartzea, arina izatea, inoizko lehiakide kopurua gainditzea eta bertsolaritzaren botila ahalik eta gehien betetzea.
GARA | GASTEIZ
Arabako Bertsolari Txapelketa indarrak biltzen joan da azken bi urte hauetan eta atzo 2011ko lehiaketa aurkeztu zuen Arabako Bertsozale Elkarteak Gasteizen. Aurtengoan inoiz baino lehiakide gehiago izango dira txapelketaren lehen fasean. Orain bi urteko edizioan 18 izan ziren bertsolariak, eta aurten, 30 izango dira tituluaren bila abiatuko direnak.
Edizio berriarekin lema berria ekarri du elkarteak: «Bete!». Ur-botila baten irudia erabiliz, lortutakoak eta lortu beharrekoak azaltzen ditu hitz bakar horrek. Izan ere, izen propioa duen txapelketa dela ohartarazi dute eta erabat malgua dela, «nork bere nahierara erabiltzeko modukoa». Hala ere, lanean jarraitzeko grina ez dute galdu eta iazko Kuadrilla arteko Txapelketako parte-hartze maila ezin hobea izan zen arren, botila hori betetzen jarraitzeko asmoa dute arabarrek.
Aurten 30 bertsolarik hartuko dute parte, inoiz izan duten zenbaki altuena: 2009ko Txapelketako 18 bertsolariak eta 2010eko Kuadrilla arteko Bertso Txapelketako beste 13k. Gainera, gai-jartzaile taldea zortzi kidera handitu dute aurten eta epaimahaiaren alorrean «autonomia» lortu dute, aurtengo zazpi epaileak arabarrak izango baitira.
Kanporaketak datorren larunbatean, hilaren 12an, hasiko dira Laudioko Basalarrina elkartean. 30 parte-hartzaileak bost kanporaketa egunetan banatu dira. Kanporaketa guztiek bertso-afarien formatua izango dute, eta 60 lagunentzako tokia duten elkarte edota txokoetan egingo dituzte. Fase honetako azken «afaria» hilaren 26an izango da, Elosun.
Ondoren finalerdiak egingo dira. Hauek jaialdi formatua izango dute, eta sailkatutako 18 bertsolariak hiru saiotan banatuta arituko dira bakoitzaren abileziak erakutsiz (martxoaren 12, 19 eta 20an).
Azkenik, finala apirilaren 2an izango da eta sei finalistak Gasteizko Printzipal aretoan lehiatuko dira 17.30etik aurrera.
Sustraiak eraikitzen
Arabako bertsolaritza indartzen hasi zen 1984an, Gasteizko eta Aiarako Bertso Eskolak sortu ondoren. Arabako Bertsolari Txapelketaren izena ez bazuen ere, 2001. urtera arte Prudentzio Deuna Estibalizko Ama bertso sariketa ospatzen zuten. Araba-Bizkaiko txapelketa izan da 1987tik 2000. urte arte arabarrek Txapelketa Nagusirako txartelak eskuratzeko izan duten aukera bakarra, baina 2001ean bere ordezkaritza izan zuen txapelketa nagusian. Ordutik, Arabako Bertsolari Txapelketa bi urtean behin egiten da eta tartean gelditzen den urtean Kuadrilla Arteko Bertso Txapelketa egiteko asmoa dute.
Orain arte egindako bideak emaitza onak sortu ditu herrialdean. Izan ere, lehen aipatu bezala, Gasteiz eta Aiara aldean zen bakarrik ezagun bertsolaritza. Aldiz, gaur egun, herrialde osoan lantzen da bertsolaritza ikastetxez ikastetxe, hainbat herritan bertso-eskola berriak sortu dira eta bertsolaritzaren lanketa, sustapena eta transmisioa eskualde guztietara zabaldu da. Horren adibide da aurten jasotako lehiakide talde zabala.
Hala, helburu batzuk lortzeko garaia heldu da eta elkarteak argi ditu lortu nahi dituen emaitzak. Batetik, herrialdean bertsolaritza sustatzea lortu nahi dute, eta bide batez, baita zaletasuna handitu ere. Horretarako zaleak direnak erakarri nahi dituzte, baita berriak sortu ere. Beste alde batetik, bertako bertsolarien promozioa ere nahi dute bideratu, eta, noski, Bertsozale Elkartea indartzea ere beren helburuetako bat da.