Euskal Herriko auzo eta herriak, legeztatzeko eskaeraren testigu
GARA | DONOSTIA
«Gizartearen aktibazioa garrantzitsua da legalizazioa posible izango bada, gizartea da legalizazioa exijitu behar duena». Euskal Herriko ehunka herri eta hiritan ezker abertzalearen legeztatzea babestu eta aldarrikatu dutenei euren lanagatik eskerrak ematearekin batera, legez- tatze horretan gizartearen esfortzua beharrezko dela azaldu zuen atzo Txelui Moreno bozeramaileak.
«Auzo eta herriak legalizazio eskaeraren testigu bihurtzen ari diren milaka lagunen esfortzuarekin batera, eta hainbat arlotako jendeak legeztatzea eskubide demokratiko gisa ulertzen duelako egin duen aldarriarekin batera, gizartearen aktibazioa da garrantzitsuena; hori da benetan Gobernu espainola mugiaraziko duena», zioen Morenok. Zentzu horretan, «eskubideen urraketa» gelditu, eta datozen maiatzaren 22ko hauteskundeetan «benetan demokratikoak» izango badira, lanean jarraitzea nahitaezko dela esan zuen.
Hain justu ere, atzo legeztatzearen alde deitutako aldarrikapen egunaren ingurumarian egin zituen adierazpenok ezker abertzaleko bozeramaileak. Estatu espainolean indarrean den Hauteskunde Legea guztiz onartezina iruditzen bazaio ere, «legeak errespetatuko» dituztela aitortu zuen.
Bestalde, Morenok «abian den prozesu demokratikoak aurrera egin dezan» legeztatzea «ona» dela esan zuen: «Gernikako Akordioan ezartzen den baldintzetako bat da, horrela aukera politiko guztiek hauteskundeetan aurkezteko duten eskubidea errespetatuko litzateke», ekarri zuen gogora. «Hori da Euskal Herrian bakea lortzeko benetako bidea», esan zuen.
Aldarrikapenak han-hemenka
Gauzak horrela, iragan abenduaren 18an egin zen gisan, legeztatzearen aldeko aldarria kalera eramateko eguna izan zen atzokoa. Goizean goizetik, hainbat txokotan «Orain legalizazioa» zioten pankarta eta kartelak agertu ziren, A-8ko edo N-I errepideko zubietan kasu.
Lazkaon, 10.30ean, «sekula legez bozkatzeko aukera izan ez duten» 52 gazte bildu ziren, hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea aldarrikatuz. Eguerdian, berriz, 90 lagun inguru bildu ziren elkarretaratzean, eta herriko lau sarreretan kartelak jarri zituzten.
Ondarroan herriko bi gunetan mural erraldoi bana marraztu zituzten goizean zehar legeztatzearen aldeko lelo berarekin. Bilbon, berriz, hainbat lekutan eskegi zituzten pankartak, udaletxeko zubian adibidez. Aulestian, bestalde, elkarretaratzea egin zuten 55 lagunek, Iruinberrin 50 lagun bildu ziren eta Iurretan 38.
Azpeitian auto karabana egin zuten legalizazio eske, eta Sestao giza katea 70 lagunek. Donostian, berriz, «Orain legalizazioa» zioten kartel ugari jarri zituzten. Zentzu horretan hiriko alkate Odon Elorzari zuzendutako mezuak zabaldu zituzten, «aurrekontu parte-hartzaileak» eskatu eta «aberastasunak bana» ditzala aldarrikatuz.
Maiatzaren 22ko hauteskundeei begira «Zure ahotsa, gure hitza» lelopean ezker abertzaleak abiatutako dinamikaren harira, programak osatzen ari dira herriz herri. Astigarragan, esaterako, abenduaz geroztik herriko eragile eta elkarteekin bildu eta herriko diagnosiaren gaineko eztabaida piztu zuten. Hala, herri programa osatzeko bidean Astigarragako bizilagunen beharrak zeintzuk diren «argi» ikusi dutela diote orain. Horregatik, oinarritzat hartu dutena «gardentasunaren beharra» izan da. Ohar batean diotenez, herritarren eta udalaren arteko harreman eta elkarlana «beldurrik gabe» sustatzeko eskatzen dute bizilagunek, eta herri programa osatzeko parte hartzeko dei egin dute.
Beasaingo ezker abertzalekoek, aldiz, herri azterketa egin ondoren beharrak identifikatu eta izendatu dituzte, ondoren hauteskundeetarako programa osatzeko. Udalean alderdiek ezker abertzalearen legez kanporatzeari «onura» atera diotela salatu dute, baina, «azken 30 urteotan bezala ezker abertzalea politikarako prest» dagoela ziurtatu zuten. GARA
Hauteskundeetan izateko eskubidea defendatzen zuten kartelak agertu ziren atzo herri eta auzoetan, azken txokoraino.