Joxemari Ostolaza
Oro da ETA
Aplikatzea erabaki zuen Estatuak. Enbarazu egiten zion guztia eta arrotz zitzaion oro desagerrarazteko makina jarri zuen martxan, egin desmasiak justiziaren teilapean ezkutatuz, guztia desegin nahi izan zuen iritzi publikoa nahierara tronparaziz. Egunkaria eta Udalbiltza kasuek huts egin diote, baina gaitzerdi, ez dut nire inguru erdaldunean zipitzik entzun tamainako eskandaluari buruz. Enpresak eta haien ondasunak xahutu egin dituzte inpunitate osoz. Ez dute barkamenik eskatu, egin dituztenak barkatzerik ez dagoela jakitun. Beren tribunaletako erabakiak errespetatzen omen dituzte, nahiz eta konpartitu ez. (...) Gainera elementu batek ematen die betiere arrazoia: torturak. Atxilotuen hamarretik seik torturatu egin dutela aitortzen du. Eta hori da hain zuzen etakideen aurrean gaudenaren seinale ezin ukatua. ETAren estrategiapean aritzen dira atxilotu gehienak torturatuak izan direla aitortzean, ezaguna baita ETAren agindua, atxilotuek betetzen dutena nahiz eta komisaldegietan bikain artatu eta are bikainago tratatu. Eta jukutria hori aski da ETAkoak direla frogatzeko. Atxilotuen dorpezia handia da. Epaileek zigorra emateko aski dute atxilotuen tortura salaketari belarria ezarriz beste aldera begiratzearekin.