GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Karmele Jaio 2011/2/4

Iruzurtiaren sindromea

Neska eta mutilen emozio eta sentimenduei buruzko hitzaldi bat. Eztabaidagai emozioak zein modu ezberdinetan kudeatzen ditugun emakume eta gizonek eta zergatik, zerk eraginda. Emozioak ere ikasi egiten direla, hor hitzaldiaren goiburuetako bat, eta neskei eta mutilei hauek ikasteko modu ezberdinak ezartzen zaizkiela txiki-txikitatik.

Halako batean, termino batek atentzioa eman dit: iruzurtiaren sindromea. Emakume batzuek sufritzen duten sindromea omen da, bereziki bikainak diren emakumeen artean ematen da, beraien lanetan edo ikasketetan nabarmentzen direnen artean. Emakume hauek askotan pentsatu dute egiten dutena ez dela hainbesterako, eta jendea engainatzen ari direla, benetan ez dutela esaten duten beste balio. (...)

Zergatien artean, txikitatik neska eta mutilek lorpenak baloratzeko orduan izaten dituzten sentimenduak. Neskek sentimendu batzuk eta mutilek beste batzuk izateko baimena dute. Nesken kasuan kulpa sentitzea onargarria da, adibidez. Eta mutilen kasuan, ez dute beldurra izateko baimenik eta, azkenean, sentitzen duten beldur hori amorruz mozorrotzen dute. Horregatik, mutil batek amorrua agertzen duenean gehienetan beldurra ezkutatzen omen du azpian.

Boterea eta emozioen arteko harremana estua da: Emakumeek ikasi dute zerbait gaizki eginez gero lotsa sentitu behar dutela; eta gizonek, amorrua sentitu behar dutela. Emakumeek ikasi dute zerbait ongi eginez gero esker ona adierazi behar dutela (beraien lorpenak guztiz beraienak ez balira bezala), eta gizonek harrotasuna sentitu behar dutela (beraien lorpenak beraienak bakarrik balira bezala).

Emakumeak bikainak izateagatik errudun sentiarazten dituen gizarte batek ezin izango du sekula boterea orekaz banatu. Eta hori ere bada emakumeen kontrako indarkeria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo