Zubietako errauste plantaren eta kartzelaren obretara bisita
GARA |
Cristina Enea Fundazioaren eskutik hogeiren bat lagunek bertatik bertara ikusi zituzten atzo goizean zehar Zubietan errauste planta eta kartzela azpiegiturak eraikitzeko lanak. Nafarroako Salhaketa elkartearen ordezkari batek espetxearen gaineko ikuspuntua eskaini zuen. Urte as- koan espetxean izan zen beste lagun batek, berriz, makroespetxeetan bizi den «benetako errealitatea» azaldu zuen. Bisitariek, gainera, Zubietako bi bizilagun izan zituzten eurekin, eta bi proiektu horiek direla-eta euren herrian jasaten ari diren ondorioak azaldu zituzten.
Inguruko bizilagunek eta hainbat talde ekologistek lehenago salatu zuten bezala, errauste plantaren proiektua, finantziazio faltagatik onartuta ez badago ere, hasita daude eraikitzeko lanak. Espetxeko lanen aitzakiapean ezkutatu dituzte errauste plantaren obrak.
Orain arte zalantzan zen errauste plantaren geroa, finantziazioa lortzeko zailtasunak zituelako. Aste honetan, baina, Europako Inbertsio Bankuak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari 195 milioi euroko kreditua ematea adostu du. Horiei Banesto eta La Caixak emango dituzten 68 milioi euroak gehitu behar zaizkie.
Kontsortzioak ostegunean egindako biltzarrean erabaki bezala, Gipuzkoako Aldundiak erraustegiaren gastuen %33 hartuko ditu bere gain, zehazki, 378 milioi euro. Denera, finantziazio gastuak eta erreserba kontuak gehituta, 444 milioi euroko kostua izango du Zubietako errauste plantak.
Aurreko astean, Gipuzkoako errausketaren aurkako plataformen koordinadorak Europako Inbertsio Bankuari zein La Caixa eta Banestori finantziaziorik ez emateko eskatu zieten. «Gipuzkoarren osasunaren kontura negozioa» egitea leporatu zieten.