GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Itsumandoka, aurrekarien bila

Burutazio hauekin jarraitzen badugu, Chomskyrekin bat eginez bukatuko dugu: Egiptoren independentziari diote beldur Ameriketako Estatu Batuek, eta ez islamismo erradikalari

Zenbat aldiz aipatu ote da egun hauetan Irango «aurrekaria» Egiptoko matxinadaren harira? Egia da gehienetan sorburu bertsutik (hau da, Israelen adiskidegotik) eta xede bertsuarekin (itsusia bada ere, komenigarriena, «guretzat», Mubaraken jarraipena litzatekeela aditzera emanez) etorri direla halako konparazioak. Beraz, ez harritu kanpaina antolatu baten isla ere izatea. Ameriketako Estatu Batuetako «anaia nagusiaren» beldur irrazionalenak esnarazteko kanpaina. Arrakasta eskasarekin, oraingoz, zorionez. Inkesten orakulua oso argia baita inperioan: lau estatubatuarretatik hiruk, matxinada begi onez ikusteaz gain, egiptoarrentzat nahiz estatubatuarrentzat onuragarri izango dela uste omen du. Gutxitan ematen den adostasun maila da.

Baina horrelako alderaketa itxuragabeak normaltasunez jaulki eta hizpide bihurtu ahal izatea bera da kezkagarri. Izan ere, non ote daude bi kasuen arteko kidetasunak, 1979ko Iran eta egungo Egipto biak herrialde musulman handiak eta AEBen pioi garrantzitsuak izan eta diktadura poliziako errukigabe batetik abiatzeaz kanpo (eta hori bera ere, ezberdintasun potoloekin)? Galdera honen gisakoren bat egin bide dio F. Zakaria ospetsuak bere buruari, eta «The Washington Post» egunkariko bere zutabean ematen dion erantzunak ez du itzulinguruetarako tarte handirik uzten: hutsaren hurrengoak dira bien arteko paralelotasunak. Ez da nekosoa, bestalde, hark ondorioztatzen duenarekin bat etortzea: etorkizuneko arriskua, egiptoarrentzat, iraganeko diktadura militar horretan bertan dago, eta ez inondik ere suma ezin den teokrazia batean.

Besterik litzateke Zakariak (eta egungo nahiz iraganeko administrazio estatubatuarrek) beti ere isilpean uzten dutenaz delibera dezakeguna. Adibidez, Egiptoko herriaren bizimodu demokratikoarentzat arriskugarri irizten den armada horrek, duela 30 urtetik, AEBetatik jasotzen duen laguntza erraldoia: bigarrena, mundu mailan, Israeli emandakoaren ondoren (3:2 proportzio esanguratsuan jaso ere). Edota izugarrizko piztiak bailiran aurkeztu nahi dituzten Anaia Musulman egiptiarren eredua eta erreferentzia, gaur-gaurkoz, Turkian dagoela beste inon baino zuzenago... horrek berak Mediterraneo ekialdeko jokoetarako suposa dezakeen guztiarekin. Baina burutazio hauekin jarraitzen badugu, Chomskyrekin bat eginez bukatuko dugu: Egiptoren independentziari diote beldur AEBek, eta ez islamismo erradikalari.

Deigarriagoa da, hala ere, nola inork ere ez duen gogoratu nahi izan, ez AEBetan ez Europan, Egipton gertatzen ari denaren nahiko aurrekari zentzuzkoa izan zitekeena. Haren 25. urteburu bete-betean gauden arren, gainera. 1986. urteko otsailean bota baitzuen Filipinetako herritarren matxinada handi batek Ferdinand Marcos diktadorea, 20 urteko agintaldiaren ondoren. Han ere bazituzten AEBek interes mardulak jokoan. Eta haiexek babesteko, agidanez, eman zion Marcosi ultimatum gogoangarria «gure» Paul Laxaltek, Reaganen izenean.

Baina oraingoan inork dio Mubaraki esan nahi: «Cut and cut cleanly!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo