GARA > Idatzia > Ekonomia

Lakuak helegitea jarri du lan ordutegia egokitzeko aukera onartu zuen epaiaren aurka

Lakuako Gobernuak helegitea jarri du lana eta familia bizitza bateragarri bihurtzeko langile bati ordutegia egokitzeko aukera eman zion epaiaren aurka. Langileak sartzeko ordua atzeratu ziezaioten eskatzen zuen.

p030_f01-148x103.jpg

Pablo RUIZ DE ARETXABALETA | GASTEIZ

Lakuako Gobernuak helegitea jarri du langileek haurrak eskolara eraman ahal izateko ordutegia aldatzeko duten eskubidearen alde egin zuen epaiaren aurka. Joan den urtarrilaren 11n Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 3. epaitegiak lan murrizketa duten langileei ordutegia hautatzeko aukera izan behar dutela ebatzi zuen, langile batek jarritako salaketari erantzunez.

Izan ere, Lakuako Administrazioko langile batek lanera 9.30 baino beranduago sartu ahal izatea eskatu zuen. Lan Harremanetako zuzendariak, ordea, langileek lanera 9.30 baino lehen sartu behar dutela zehaztu zuen zirkular batean.

Salaketa jarri zuen langileak azaldu zuen muga horrek alabak eskolara eraman ahal izatea galarazten diola, ezinezkoa baitzaio umeak eskolara eraman eta lanera garaiz iristea.

Langilearen aldeko epaia

Hasiera batean, Lakuako Gobernuak ukatu egin zion aukera hori, 9.30eko muga jarrita, sindikatuekin hitzartutako neurriei jarraituz, ordutegia nahikoa malgua zela esanez.

Langileak, ostera, auzibidera jo zuen eta aldarrikatzen zuen eskubidea onartu zioten. Epai horren arabera, aukera hori ukatzea eta ordutegietako malgutasuna ukatzea legez kontrakoa da, langileen bizitza pertsonala eta lan jarduna bateragarri egitea ukatzen baitu.

LABek Gobernuak epaia onartuko zuela uste zuen eta ordutegiari eta lanaldiari buruzko zirkularra egokituko zuela, baina Gobernuak epaiaren aurka errekurtsoa aurkeztea erabaki du.

LABek atzo adierazi zuenez, «gurasoen edota babesgabeko pertsonak euren ardurapean dituzten langile guztion kontra» doa Gobernuaren erabaki hori. LABek Lakuako Gobernuaren koherentzia eza gaitzetsi zuen, familia eta lana uztartzearen alde agertu arren, gero horren aurkako jarrera erakusten duelako.

«Bere etxean, ateak itxi»

Sindikatu abertzalearen iritziz, «Eusko Jaurlaritzak adierazpen programatikoak egin eta enpresa pribatuak lana eta familia bateratzeko neurriak ezartzera bultzatzen dituen bitartean, eta bere planetan Administrazio Publikoak berdintasuna lortzeko bidean bide erakusle izan ahal eta izan behar duela agertzen duen arren, asmo horiek bere etxean bertan gauzatzeko aukera duenean, lanaren eta familiaren bateragarritasunari ateak itxi eta uko egiten dio ordutegia ordu erdiz malgutzeari, eta alferrikakoa bihurtzen da lanaldi-murriztuak eragindako galera ekonomikoa».

Gainera, auzi honi buruzko epaia euskal funtzio publikoaren eremuan aitzindari izan daitekeela azaldu zuen sindikatuak, «bertan eskatzen baita, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileei lanaldia murrizteko eskubidea erabiliz, euren interesei eta, batez ere, euren seme-alaben interesei komeni zaien ordutegia hartu ahal izatea, betiere zerbitzu-beharrei kalterik eragiten ez bazaie, lan-arloko jurisdikzioak hainbatetan aitortu duen bezala».

eskaera

Langileak lanean sartzeko ordua atzeratzea eskatu zuen, haurrak eskolara eraman ahal izateko, baina Lakuak ezetz esan zion. Langileak, orduan, epaitegietara jo zuen.

epaia

Epaitegiak ordutegia aukeratzeko eskubidea onartu zion langileari lana eta norberaren bizitza bateragarri egiteko. Hala ere, orain, Gobernuak ez du onartu eta helegitea jarri du. LABek Administrazioaren koherentzia eza salatu egin du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo