GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aurtengo Herri Urrats maiatzaren 8an iritsiko da Senpereko aintzirara

Ikastolen festan lortutako dirua Kanboko Xalbador ikastola berritzeko erabiliko dute. Ahal bezainbat jende erakartzeko komunikazio kanpaina goiz jarri dute abian Hego Euskal Herrian. Horretarako, Di-da enpresaren eta Berri Txarrak talde nafarraren laguntza izan dute.

p020_f01_200x117.jpg

Nagore BELASTEGI

Aurtengo Herri Urrats aurkeztu zuten atzo Donostiako Ikastolen Etxean. Iparraldeko ikastolen jaia maiatzaren 8an ospatuko den arren, goiz abiatu dute komunikazio kanpaina. Hegoaldean ere oihartzuna izateko, Berri Txarrak taldea eta Di-da komunikazio enpresaren laguntza izan dute.

Aurkezpenean Herri Urratseko komunikazio arduradun Alain Boscq, Seaskako zuzendari Hur Gorostiaga, Di-dako kide Gorka Barruetabeña eta Berri Txarrakeko abeslari Gorka Urbizu izan ziren.

Aurtengoa festa hau ospatzen duten 28. urtea izango da, eta Kanboko Xalbador ikastetxea berritzeko erabiliko dute jasotako dirua, urtetik urtera gero eta ikasle gehiago dituztelako.

Alain Boscq-ek esan zuen jende asko joaten dela Herri Urratsera, baina azken 6-8 urteetan hegoaldeko euskaldun gutxiago joaten dela nabaritu dutela. Hori dela eta, maiatzaren 8an denak Senpereko aintziraren inguruan biltzea lortu nahi dute, alde batetik, euskaldun guztiak elkartze aldera eta, bestetik, etekin ekonomiko handiagoa eskuratzearren.

Hala, dei egin zien eskola, euskaltegi eta enpresa guztiei ahal duten neurrian jendea Herri Urratsera joatera animatzeko eta autobusak antolatzeko, ekitaldiz beteriko egun erakargarria prestatzen ari direla eta.

Kanpaina oso goiz hasi dute, eta hemendik maiatzeraino ekitaldi ugari antolatuko dituzte. Esaterako, oraindik data jarri ez duten arren, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin ekitaldi bat edota Igor Elorzarekin bertso jaialdi bat prestatzen ari dira.

Hur Gorostiagak, aldiz, Iparraldeko ikastolek laguntza premiazkoa dutela nabarmendu zuen. Iaz Herri Urratsen eguraldi txarra egin zuela-eta, euskararen aldeko pausoak ezin zituztela egun bakarrera mugatu ohartu ziren, eta urte osoan laguntza eske ibili ondoren, jende askok erantzun zuen.

Bildutako diruarekin aurrera jarraitu ahal izan zuten, baina Estatu frantsesak euskarari jartzen dizkion trabak ikusirik, arazo ugari daude oraindik gainditzeko. Izan ere, Ipar Euskal Herriko ikastolek irakasle postuak Parisen eskuratu behar dituzte eta horiek ordaintzeko dirutza behar dute.

Tantaz tanta, lakua betetzen

Seaskako zuzendariak Di-da komunikazio enpresari eskerrak eman zizkion egindako ahaleginagatik, baita Berri Txarrak taldeari ere, agenda beteta izan arren, aurtengo Herri Urratseko kantua egiteagatik.

Di-dako kideak azaldu zuen eguraldiak iazko edizioa zapuztu zuela-eta laguntza eskaintzea erabaki zutela. Gero, komunikazio kanpainari buruz mintzatu zen. Kanpainaren leloa «Laku bat munduan» da, eta Senpereko aintzirari egiten dio erreferentzia. Azaldu zuen «laku» hitza erabiltzea erabaki zutela «leku»rekin hitz-joko bat egiteko. Logoa tanta bat da eta pertsona bat irudikatzen du, Barruetabeñaren esanetan, pertsona bakoitza euskararen lakua beteko duen tanta bat delako.

Amaitzeko, Gorka Urbizuk hitz egin zuen. «Euskal Herriko toki batzuetan zailtasunak daude euskara ikasteko, Nafarroan ere badakigu zerbait horretaz», salatu zuen, eta horregatik Berri Txarrak-ek ere «tantatxoa» jarri nahi du jai honen alde.

Bideoklipa munduaren irudiarekin hasten da eta pixkanaka gerturatuz doa jaia ospatzen den Senpereko aintzira ikusten den arte. Orduan, taldeko musikarien bideoarekin batera, nahastuta, aurreko urteetako Herri Urrats jaietako argazkiak agertzen dira.

Abestiaren letra Sustrai Colina bertsolariak egin du eta koruak egiteko Izate taldeko Claire Lacarra abeslariaren laguntza izan dute. Musika Berri Txarrak-en estilokoa da, baina, era berean, guztientzat gustuko izan dadin saiatu dira.

Urbizuk esan zuenez, maiatzaren 8an Berri Txarrak Senperen izango da kontzertua eskaintzen eta, ordura arte abestia ezagutarazteko, euren zuzeneko emanaldietan ere «Laku bat munduan» kantatuko dute.

abestia eskura

Bideoklipa ikusteko aukera dago «www.herriurrats.com» webgunean. Gainera, Berri Txarrak-en abestia doan jaits daiteke eskuinean agertzen den estekan klikatuz gero.

Hegoaldera begira

Duela 6-8 urte Herri Urratsera joaten zirenetarik 5etik 4 Hego Euskal Herrikoak ziren. Gaur egun 2 besterik ez. Aurtengo jaiak, berriro euskal herritar guztiak biltzea du helburu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo