Laura MINTEGI Idazlea
Sortu egin da sortu
Erridikulua bada ere, milaka hauteslek botoa emango dio logotzat arrautza frijitua duen aukera politikoari. Logoa ez da serioa. Batetik, Gabonetako marrazki naif bat ematen du. Hiru Errege Magoak falta dira bakarrik zeruan dagoen izarraren atzetik. Bestetik, badu kutsu erlijiosoa, edo exoterikoa, zerutik jaisten den izpi distiratsua ezkerraldean. Kristaua izan edo visnuista izan, logoa egokiagoa da Hare Krishna-ren ekitaldi bat iragartzeko alderdi politiko serioa irudikatzeko baino.
Baina, hala ere, milaka boto bereganatuko ditu, boto-emaile horiek ez diotelako begiratuko azalari, mamiari baizik. Edozein alderdik beso bat emango luke horrelako boto-emaileak edukitzearren. Beren jarrera politikoa ez aldatzeko, siglaz aldatu behar izan dute (HB, EH, SA, AuB, HZ, AG, EHAK, ASB, ANV, D3M...) etengabe.
Egia da Espainia aldean esaten dutena. Sortu-ko hauek eta aurretik 12 izen desberdinekin agertu direnak berdin-berdinak dira, areago, berberak dira. Eta amorratuta daude jada ez dakitelako nola itxi bidea panorama politikoan egon ez daitezen. Legea muturreraino bihurrituko dute hauteskundeetatik kanpo uzteko. Berberak direlako. Ez dute pentsatuko beti eduki dutela eskubidea hautagai eta hautesle izateko, orain eta lehen, hauteskunde guztietan. Eta eskubideak ezin direla eman edo kendu. Eskubideak eskubide dira, haatik. Izate hutsagatik. Eskubide guztiak, noski. Bai eta bizitzeko eskubidea ere. Hastear den garai honetan hitz bat gailendu beharko litzateke beste guztien gainetik: errespetua. Errespetua pertsonei lehenik, euren ideiei gero eta errespetua ideia bera defendatu nahi duten kolektiboei.