GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

«Gernika Bizkaia, 1937-2012» ekimena, oroimen historikoari eusteko beste modu bat

Gernikako bonbardaketa Euskal Herrian ez ezik, mundu osoan ere bada ezaguna. Ezagunak dira, halaber, Otxandiokoa, Durangokoa eta Bilbokoa, baina faxistek Bizkaiko 30etik gora herri bonbardatu zituzten 1937an. Herri horiek izango dira «Gernika Bizkaia, 1937-2012» ekimenaren ikergai, baina ez ohiko ikergai. Gazteek eginda, gazteek gertatutakoaren lekukotza izan dezaten, belaunaldi arteko topaketaren bidez. Datu hutsak barik, lekukotza sentimentala jasoko dute erasoak jasan zituztenengandik. Herri horietan guztietan osatutako lan taldeek jasoko duten lekukotza gizarteratzea izango da ekimenaren lehen fasea; bigarrena, berriz, taldeek jasotakoa bateratu eta bistaratzea; eta hirugarrena, urtebeteko lanari amaiera emango diona, bonbardaketen gaineko dokumentala, bonbardaketen 75. urtemugan, hain zuzen. Hartara, gerra hura gazteen begietatik edo, hobeto esateko, bihotzetik azaltzeko ahalegina izango da. Oroimen historikoari eusteko beste modu bat, zaharrenek urte luzez isilpean gorde izan dutena gazteenei helarazteko modua eta gazteek gizarteari kontatzekoa. Iragana berreskuratzeko modu berri bat, etorkizun hobea eraikitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo