GARA > Idatzia > Kultura

ESZENAK

«La avería» antzezlanean, justizia eta moralki zuzena litzatekeena baliatu ditu Blanca Portillok

«La avería», Blanca Portillok zuzendutako antzezlana, Iruñeko Gaiarre antzokian izango da gaur eta bihar. Justizia eta moralki zuzena dena alderatuko ditu agureen arteko elkarrizketak baliatuta.

GARA | IRUÑEA

«La avería»k Friedrich Dürrenmatt-en kontakizunean du oinarria, eta Fernando Sansegundok egokitu du, eta Blanca Portillo antzezle espainiarrak zuzendu. Gaur eta bihar izango diren emanaldietan taula gainean ikusiko ditugu Emma Suarez, Jose Luis Garcia, Asier Etxeandia, Fernando Soto, Daniel Grao eta Jose Luis Torrijo donostiarra -2007an errebelazio aktore onenaren Goya saria jaso zuen-. «Luxuzko taldea» da Torrijoren hitzetan, eta «ohorea da beraiekin lan egitea».

Torrijok esandakoaren arabera, «ikusleak harridura, dibertimendu eta hausnarketaren artean, batetik bestera ibiliko dira lan honekin, gaur egungo gai ugari jorratzen dituelako, erretreta kasurako, eta horrek ondoren garagardo batzuk edanaz eztabaidan aritzeko aukera ematen baitu».

Gai horiek, «umorez, ironiaz eta jolasez» lantzen dira, «zinemako antzezpen teknika berritzaileak erabiliz», Tim Burtonen ohiko estetikari men eginda, eta «errealismo zirraragarri batekin». «Ikusleriak agureak ikusten ditu, gazteena 75 urtekoa da, baina antzezpena amaitzen denean, inork ez daki nor garen, ez dituzte aktoreak ezagutzen... Erronka handia da halako karakterizazio errealistarekin lan egitea», nabarmendu zuen.

Beste erronketako bat, donostiarraren hitzetan, lankideen eta testuaren maila bera lortzea izan da. «Gutako batzuk `Acusados' telesailean elkarrekin aritu ginen, beraz, lagun arteko birtopatzea izan dela esan daiteke, baita lankide berriak ezagutzeko aukera ere», esan zuen.

«La avería» Santanderren estreinatu zen, eta Gasteiztik igaro da Gaiarrera heldu aurretik. Kasu guztietan «antzokiak bete» egin direla ohartarazi zuen Torrijok, eta krisiak arte eszenikoetan eragin apalagoa izan duela gaineratu zuen, «zuzenean egiten diren lanak ezin baitira Internetetik jaitsi» argudiatuz. Hala ere, egungo egoerari begiratuta, edozein tokitan lan egiteko prest dagoela dio, betiere proiektua interesgarria baldin bada.

ORAIN HAMALAU URTE

«La avería» taularatzeko proiektua duela hamalau urte sortu zen; orduan proposatu zion Blanca Portillok Fernando Sansegundori Dürrenmatt-en testua antzerkirako egokitzea, baina orain gutxira arte itxaron behar izan dute egitasmoa gauzatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo