Pirinioak I Neguko jarduerak
Sormen lan berriak Pirinioetako bi isurialdeetan
Joseba Larrañaga eta Iñigo Andolak «AHTrik EZ» bidea (M6, A1, 90º, 650 m) zabaldu dute Pala de Ip ikusgarriko ipar horman. PGHMko hiru ordezkarik, berriz, bi proposamen berri egin dituzte Pic Segalas eta Pic Isarden. «Elena Goñi» izena du bi nafarrek Arrielen eginiko lanak.
Andoni ARABAOLAZA I
Negua aurrera doa, eta piriniozale amorratuenek, bederen, ez dute etenik izan beren jardueretan. Den-denak ez daude gustura han eta hemen aurkitzen ari diren baldintzekin, baina argi dagoena da, motibazioak lagunduta, aktibitate interesgarriak egiteko aukera badagoela. Horrela erakutsi dute lerrootan azaltzen diren protagonistek. Izan ere, lau proposamen plazaratu dituzte; lauak ala lauak sormen lanak. Lau bide berri Pirinioetako ipar zein hego isurialdeetan.
Lehen proposamena Joseba Larrañaga eta Iñigo Andolak aurkeztu digute. Sokada gipuzkoarrak mendizerrako ipar pareta alpino gogor batean jardun du: Pala de Ip ikusgarrian. Oro har, hormatzar izugarri eta ilun hori urte askoan egon da «itzalean»; hots, nahiz eta alpinismorako alderdi bikaina izan, oso jarduera gutxi jaso ditu. Azken urteotan, berriz, pirinineista zailduenek berriro hartu dute lekukoa, eta, pixkaka-pixkaka bada ere, ipar horma horrek berriro protagonismoa hartu du.
Larrañaga eta Andolak ere beren ekarpena egin nahi izan dute, eta horretarako «AHTrik EZ» bidea zabaldu dute. Pasa den otsailaren 5ean izan zen, eta sokada gipuzkoarrak lan ederra egin zuen 650 metro luze den marra berriarekin. Eta hori diogu, besteak beste, ezaugarri erakargarriak izateaz gain, zailtasun tekniko gogorrak gainditu behar izan zituztelako. Gehienez, M6, A1, 90º.
Andolak berak GARAri adierazi dioenez, Pala de Ipeko ipar horma zailak zeharo harrapatuta zeukan: «Ederra da benetan, ahaltsua! Duela pare bat urte `Ursi' bidea neguan egin nuen, eta han ginela marra bat, igo gabea zirudiena, ikusi genuen. Harrezkeroztik buruan nuen, eta negu honetan bi aldiz bertaratu naiz erronka hori baldintza egokietan zegoen ikusteko. Unea aprobetxatu dugu».
Eta ondo aprobetxatu ere. Andolaren azalpenak entzunda eta bidalitako krokisa ikusita, «AHTrik EZ» bidea ederra dela ondoriozta daiteke zalantzarik gabe: «Luzea, zailtasunean iraunkorra eta asko eskalatu beharreko bidea da. 70º-tik behera ez da jaisten, eta irtenuneak tenteak baino tenteagoak dira. Uste dut lan ederra egin dugula, entretenigarria!».
Hori bai, sokada gipuzkoarrak aurreratu digunez, hasierako aldaparen ostean zabalduta zeuden bi luzerekin egin zuten topo. Ezustekoa ez zen batera atsegina izan, bi luze horiek paraboltez josiak baitzeuden. Konprenitzeko zaila egiten da izaera horretako horma alpino batean parabolt «uholdea» jartzea. Hori egin dutenek dry estiloan eskalatzeko asmoarekin egin zuten, baina, ikuspuntu etikotik begiratuta, ulertzen zaila da.
Andolak aurreratu duenez, paraboltekin bi luze horiek zabaltzen aritu direnak zailtasunaren bila joan dira batik bat: «Daratuluarekin txapa mordoa jarri dituzte. Egia esan, ezusteko handia hartu genuen, hainbat tarte iltze zein fisureroekin aseguratu daitezkeelako. Horien ordez, aldiz, txapak jarri dituzte. Jakina, zailtasuna bilatu nahi izan dute. Luze horiek gainditu ondoren, hirugarrenetik aurrera bide berria da. Amaieran, berriz, `Ursi' bidetik atera ginen. Goitik oso murru erakargarria zen, arroka nagusi zen, baina guk ez genuen espitik sartu nahi. Hori dela eta, zeharkaldia egin eta `Ursi' bidetik bukatu genuen. Oro har, oso baldintza egokiekin egin dugu topo, eta, gainera, pareta zuria aurkitu genuen; oso itxura alpinoarekin».
Zailtasun teknikoei dagokienez, tarte txiki bat artifizialean egin zuten. Era askean egiteko aukera bazegoela adierazi digute, baina erorketa nahiko txarra zuen: «A1 mailako hiru pausu ditu. Joseba atzetik zetorren, eta ez zen librean saiatu. Hala ere, egin daiteke. Hortik aurrera luze guztiak nahiko tenteak dira. Noizean behin izotzezko irtenune bat gainditu behar da, baina izotz onarekin eskalatu genituen guk».
Mistoan ere pare bat luze gogor gainditu behar izan zituzten: «Lehena txapekin zegoen. Bestea, aldiz, guk zabaldu genuen; graduatzea zaila egiten zait, baina M6 inguruan ibiliko da. Eroria duen tarte bat da, eta gogorra. Aipatu nahi nuke ere, bide osoan soilik iltze bat utzi dugula; hain zuzen ere, A1-eko tartean, era askean eskalatu nahi duenarentzat pixka bat laguntzeko».
Goulotteak nagusi
Pierrefitte-Nestalaseko PGHMko hainbat ordezkarik pare bat goulotte zabaldu dituzte urtarrilean Cauteretseko ingurumarian. Pic Segalaseko ipar-mendebaldeko aurpegian, adibidez, Mathieu Bonhomme, David Fuentes eta Daniel Lanne hirukoteak «Petit Galopin» bidea (TD+/ED-) zabaldu du. Pasa den urtarrilaren 20an izan zen. Guztira sei luze ditu, eta, ezaugarriei dagokienez, goulotte berri hori alpinoa da, baina mistoko tarte gogorrekin. Izotzean gehienez 80º-ko aldatsak gainditu behar dira, eta mistoan M5+/6 mailako tarteak. Eraman beharreko materialari dagokionez, sokada frantziarrak adierazi du komenigarria dela sei zinta eta friend joko bat (0,3-3) eramatea. Eta 5. luzerako, agian, bi iltze.
Hirukoteak zabaldu duen bigarren goulotta Pic Isarden dago: «Goulotte Isarde». Bost luze ditu, eta aurrekoaren ezaugarri antzekoak: 85º eta M5/5+. Materiala: 6 zinta, friend joko oso bat (3. zenbakira arte) eta bi iltze.
Arrielen, nafarrak
Azken proposamena sokada nafar batek egin du. Miguel Angel Vicente eta Jose Luis Goñik bisita gutxi jasotzen duen Arriel mendiaren hego aurpegian marra berria zabaldu dute: «Elena Goñi» (MD, 700 m). Iaz saiatu ziren lehen aldiz: «Erdiko espoloitik abiatu ginen, baina oso arriskutsua zegoen. Aurten, aldiz, baldintza egokiak izan ditugu. Isurialde horretan bide bat zabaltzeko gogo handiz ibili gara azken urteotan, eta, azkenean, lortu dugu. 700 metroko desnibela dauka, oso pareta erakargarria da, baina hegora begira dago. Gainera, arrokaren kalitatea txarra da».
Urtarrilaren 23a izan zen eguna. Baldintza onekin, eta hotz handiarekin, sormen lanari ekin zioten: «MD jarri diogu, batez ere oso arriskutsua delako. Izotzean gehienez 80º-ko tarteak gainditu behar izan genituen, elurretan 70º eta mistoan IV+. Teknikoki ez da zaila, baina bai, ordea, nahasia, ikusgarria eta batez ere oso arriskutsua. Hori dela eta, azkar behar duzu eskalatu. Marra logikoa zein estetikoa egitea zen geure helburua, eta uste dugu lortu dugula. Gainera, era ikusgarrian bukatzen da; izan ere, erdiko espoloitik bukatzen da».