GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Larrondetarrak: Jaws eta Belharra

Michel eta Tyler Larronde aita-semeak olatu handietako surflariak dira. Jaws eta Belharrako olatu erraldoietan egin dira ezagun.

p046_f01.jpg

Haritz Larrañaga Altuna I

Azkenaldian asko entzuten den izena da Jaws. Hawaiiko olatu handietako leku famatuenetako bat da. Izena olatuaren izaera bortitzari dagokio; ingelesez «masailezurra» esan nahi du eta marrazo batek ahoa irekitzen duenean ematen duen irudi beldurgarriarekin alderatzen da. Tow-in egiten hasi ziren lehen lekua da; alegia, olatuak hartzeko uretako moto baten laguntzaz baliatzen hasi ziren lehen lekua.

Olatuen tamaina handiegia denean, gizakiak dituen berezko gaitasunetatik harago dago arraun eginaz olatua garaiz hartzea; horregatik hasi ziren Jawsen olatuak motoen laguntzarekin hartzen, abiadura sobera izanez gero edozein tamainako olatuak har daitezkeelako. Afera eztabaidagarria da, muga non dagoen zehaztea ezinezkoa baita eta arraun eginaz zein tamainako olatua har daitekeen galdetuta pertsona adina erantzun jaso baitaitezke.

Pasa den urtarrilean behin eta berriz errepikatu da leku honen izena. Urtarrilaren 20an, esaterako, gauez egin zuen surf Mark Visser surflari profesionalak, eta 10 eta 12 metro bitarteko olatuak hartu zituen. Pasa den astean, berriz, Chuck Patterson eskiekin surf egiten ikusi ahal izan dugu Jawsen. Baina oihartzun handiena izan duen irudia Tyler Larrondek lortu du.

Michel eta Tyler Larronde Hawaiiko Maui irlan bizi diren aita-semeak dira. Michel Ainhoan jaio zen eta 11 urte zituela Biarritzera joan zen bizitzera bere amonaren etxera. 70eko hamarkadaren hasieran oraindik ez zen jende asko ibiltzen Biarritzeko olatuetan, baina Michel bera lehen euskal surflari horien artean zen. Lapurdiko kostaldean dauden hondartza bikainetan surf egiten hasi zenean, gaur arte etenik izan ez duen harremana hasi zuen itsasoarekin eta ordutik harreman horrek gidatu du bere bizitza. Surfa hastapenetik bertatik odolean zeramala dio berak.

Txapelketetan lehiatzen hasi zenean bidaiatzeko aukera izan zuen Frantziako surf talde nazionalarekin, eta orduan erabaki zuen munduko edozein lekutan lan egiteko aukera emango zion lanbide bat ikastea. Horrenbestez, sukaldaritza ikasi eta bidaiatzeari ekin zion.

Munduan zehar bidaiatzen ibili ostean, 1985ean lan eskaintza egoki bat suertatu zitzaion Hawaiiko Maui irlan eta ez zuen bitan pentsatu. Hasiera batean Oahu irla nahiago zuela onartzen duen arren, ez da erabakiaz damu, alderantziz, berak dioen moduan , «Maui No Ka Oi», alegia, «Maui da onena».

1995. urtean Vincent Lartizien wind-surflari profesionalarekin egin zuen topo eta lagun egin ziren. Jawsen tow-in egiten hasi ziren urtea izan zen hura. Laird Hamilton eta Mauiko olatu handietako surflarien eredua hartu zuten. Honela dio Michelek: «Hawaiin urte asko daramatzate dagoeneko olatu handietan surf egiten, haiengatik ikasi baino ez dugu».

Urte horretan bertan Euskal Herrira etorri ziren olatu handiak hartzera. Itsasaldi handiak izan ziren eta leku anitzetan izan ziren tow-in egiten, baina aipagarriena Belharrako saioa izan zen. Donibane Lohitzuneko portutik atera eta itsaso zabalean aurkitzen den olatu erraldoia dastatu ahal izan zuten lehen aldiz eta Hawaiiko olatuen altuera handia Kantauri itsasoan ere aurki daitekeela baieztatu ahal izan zuten. Egun hartan, olatu hura soilik moto baten laguntzarekin har daitekeela esan zuten, nahiz eta denborarekin arraun eginda ere har daitekeela frogatu den. Axier Muniain zarauztarrak, esaterako, Belharran arraun eginez hartutako olatu handi bati esker lortu zuen 2009an XXL izendapenetarako sailkatzea.

Michel Larrondek urte asko daramatza beraz olatu handietan surf egiten, eta tow-in modalitatean eskarmentu handiko gizona da. Esperientzia baliatu du bere semeari olatu handien munduan eman beharreko pausuak irakasteko, eta, Tyler egiten ari den ibilbidea ikusita, irakasle lanak ondo egin dituela esan daiteke inolako zalantzarik gabe.

Iaz ezagutu genuen Tyler Larronde, 16 urterekin Jawsen itzelezko olatuak hartzen ikusi ahal izan baikenuen. 1994an Kahuluin (Maui) jaio eta han bizi den arren, Biarritzeko La Grande Plage Surf Club elkarteko kidea da. Bere lehen txapela 6 urterekin irabazi zuen eta hiru urtez jarraian irabazi zuen Mauin egiten den 14 urte bitarteko surf txapelketa. Mota guztietako olatuetan moldatzen den surflaria da, maila tekniko bikainekoa. Azaroaren 2an sekulako itsasaldia izan zen Hawaiin eta 2011ko XXL Awards izendapenetan bere izena eranstea lortu zuen irudi bikain batekin.

Tylerrek Jawsen eman dio urteari hasiera aurtengoan. Hain zuzen ere, argitaratu berri dituzte pasa den urtarrilean hartu zituen olatu erraldoien irudiak. Agian oraindik XXL izendapenetarako beste irudi bat lor dezake. Hori aipagarria litzateke, ez soilik bi izendapen lortzearen arrakastagatik, baita emaitza horiek lortu dituen surflariaren adinagatik beragatik ere. Olatu handien munduan adineko jende esperientziaduna ikustea izan da ohikoena orain artean, baina hori aldatzen hasi da azken urteotan Tyler bezalako surflariekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo