Teknologia gizakien aurka, galderei zehatzago eta azkarrago nork erantzungo
GARA |
Hardwarea, softwarea eta informatikarekin lotutako zerbitzuak fabrikatu eta merkaturatzen dituen IBM enpresak Ameriketako Estatu Batuetako telebistako lehiaketa ezagun batean, «Jeopardy!» saioan, parte hartuko du, pertsonen azkartasunari erronka joz. Bere Watson zenbatze sistemarekin saioko txapeldunei irabazten saiatuko da IBM. Horiek, gainera, ez dira nolanahiko txapeldunak: Ken Jennings da bat eta 74 aldiz jarraian garaile izatea lortu du; bigarrenak, Brad Rutterrek, aldiz, jokoaren bidez 3,25 milioi dolar sakelaratu ditu.
Gaur eta asteazkena bitartean jokatuko da teknologiaren eta gizakien azkartasunaren arteko duelua. Eric Brown Watsoneko managerrak agertu duenez, halako erronkek gauza bakarra bilatzen dute: «Gure teknologia hobetzea uneotan ezinezkoak diruditen alorretan zientziaren garapena sustatzeko». Kasu honetan, negozioetako trebetasunak garatu nahi dituzte ordenagailuetan. Nola? Ordenagailu batek edozein motatako informazioa gordetzea eta jasotzea, pertsonek egiten dugun bezala aztertzea eta prest edukitzea lortuz, segundo batean baino gutxiagoan. «Abilezia hauek aplikatzeko aukera ona ematen duten arlo batzuk topatu ditugu», jakinarazi du IBMko ikerketa arloko arduradun John E. Kellyk.
Ez da IBMk gizakion azkartasunari erronka jotzen dion aurreneko aldia. 1997an, Deep Blue ordenagailuak xake partida bat irabazi zion garaiko txapeldunari, Gari Kasparovi.