ITSASOA
2011ko ASP zirkuitua abian da Australiako txapelketekin
Haritz LARRAÑAGA I
Otsailaren 26an emango zaio aurtengo WCT zirkuituari hasiera Australian. Lehen proba Gold Coasteko eskuin olatu bikainetan izango da.
Otsailean Australian uda da eta ekialdean sasoi ona da surf egiteko. Zikloiak izaten diren urte sasoia da uda eta horrek itsaski bikainak sorrarazten ditu urtean zehar ia olaturik izaten ez den lekuetan. Horregatik izaten dira ASPko lehen txapelketak Australiako ekialdean, itsaskien garaia delako.
Maila desberdinetako txapelketa ugari antolatzen dira sasoi honetan. Datorren astean, esaterako, lau izarreko txapelketa bat izango da Burleigh Heads eskuin olatu famatuan. WCTko lehiakide asko bertan izango dira lehiaketan parte hartzeko.
Gold Coasteko ingurunea “surfers paradise” bezala ere ezaguna da, olatu bikain asko biltzen baitira eremu oso laburrean. Surfaren industriak sekulako indarra duen lekua da. Milaka pertsona hurbiltzen dira hondartzetara txapelketak zuzenean ikustera.
Iaz Taj Barrow izan zen lehen proba honen irabazlea. Burrow australiarra da, baina Australia mendebaldekoa, beste puntakoa alegia; hain zuzen ere, horregatik ez da faboritoetako bat.
Dudarik gabe faboritoak Mick Fanning eta Joel Parkinson dira lehen proba honetan, bertakoak baitira.
Zorte txarra izan zuen Parkinsonek iazko proban, orkatilan min hartu eta ezin izan baitzuen zirkuitua egin. Hala ere, lesio baten ondorioz lehiatzeari utzi behar izan diotenei ematen zaien aukera luzatu diote aurtengoan eta WCT zirkuituan ikusi ahal izango dugu.
Abenduan Hawaiin ikusi ahal izan genuen Parkinson eta forman dela erakutsi zuen. Horrenbestez, aurtengo zirkuitua, eta bereziki lehen proba, interesgarriak izango direla dirudi.